Gizartea
Urtarrilak 20
San Sebastian egunean garraio publikoa erabiltzea gomendatu du Donostiak
EiTB.EUS
Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean ari dira, astelehen honetako jaia normaltasunez garatuko dela bermatzeko. Helburua herritar guztiek ondo pasatu ahal izatea da.
-
Segurtasuna kontrolpean izateko, bilera gin dute Donostian. Argazkia: Donostiako Udala.
Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak San Sebastian egunean garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, besteak beste, Banderaren Igoeran, Helduen Danborradan, Haur Danborradan, eta Banderaren Jaitsieran. Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean ari dira, astelehen honetako jaia normaltasunez garatuko dela bermatzeko. Helburua urtarrilaren 20an herritar guztiek ondo pasatu ahal izatea da.
Festaz gozatu ondoren, etxera itzultzeko gomendiorik nagusiena garraio publikoa erabiltzea da. Oinez itzuliz gero, bide erabilienetik eta argitsuenetik joatea aholkatzen da; izan ere, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak operatibo berezia izango dute halako txokoetan. Era berean, poltsekin, diru-zorroekin eta mugikorrekin adi egotea gomendatzen da.
Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzi Martin Ibabek hiritarren atsedena errespetatzea eskatu du, eta, horretarako, behar ez den zaratarik ez sortzea eskatu du; izan ere, "beste pertsona batzuek atsedena hartzen duten bitartean ere gozatu daiteke jaiaz". Gainera, hiritik goizez zein gauez mugitzeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin du; eta, halaber, edozein arazo izanez gero Ertzaintza (112) zein Udaltzaingoarekin (092) harremanetan jartzeko eskatu du.
Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eskatu dute gizarte-sareen bidez zabal litezkeen albiste faltsuei kasurik ez egiteko, eta, beraz, Udalaren zein Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren kontu ofizialen bidez ematen den informazioari soilik kasu egiteko.
Azkenik, Udalak gogora ekarri duenez, Danborradako ekitaldi nagusietako segurtasuna bermatzeko, Jarraipen Mahai Teknikoak Garberako suhiltzaileen parketik lan egingo du. Bertatik koordinatuko dira hainbat zerbitzu, jaia ondo joan dadin.