Gizartea
Danborrada 2020
151 danborradak donostiarrak hunkituko dituzte astelehenean, San Sebastian egunean
EiTB.EUS
Horietako bost berriak dira. Guztira, 19.000 lagunek hartuko dute parte, Gipuzkoako hiriburuko festa handian.
-
Asteazkenean aurkeztu dute 2020ko helduen Danborrada. Argazkia: Donostiako Udala.
151 danborradak, 19.004 lagunek (8.120 emakumek eta 10.884 gizonek) hunkitu egingo dituzte donostiarrak hilaren 20an, astelehenarekin, San Sebastian egunean. Danborradak, aurten, Jose Mari Oiartzabal musika-zuzendaria, 150. urteurrena ospatuko duen Union Artesana elkartea, eta Realeko futbol eta hockey taldeak omenaldiak jasoko dituzte; Realeko taldeei, hain zuzen ere, Urrezko Danborra emango diete.
151 danborradak Donostiako auzoetatik ibiliko dira; ohi bezala, auzoak zazpi eremutan banatuko dituzte: Altza–Intxaurrondo, Amara–Loiolako Erribera–Morlans, Antigua, Erdialdea, Gros, Loiola–Egia–Martutene eta Parte Zaharra.
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, igande gauean, alegia, Bandera Igoeran, Jose Mari Oiartzabal musika zuzendari andoaindarrari omenaldia eskainiko zaio: "Andoainen jaioa izan arren", ekarri du gogora Udalak, "Oiartzabalek urte asko daramatza Donostiaren aldeko lan isil, dotore eta doakoa egiten". Hortaz, "gure gau nagusian", asteazken honetako aurkezpenean eman dioten batuta erabiliz, Errenteriako Banda zuzenduko du.
Union Artesanaren 150. urteurrena
Halaber, Union Artesana elkartearen 150. urteurrena dela eta, danborrada horretako Danbor Nagusia den Aitor Oyarzabalek "Donostiako Martxa" zuzenduko du, Gaztelubideko Danbor Nagusiarekin batera. Lehenago, Gaztelubidek ohiko Urrezko Kupela emango dio Union Artesanari.
Bandera Jaitsieran, hau da, astelehen gauean, Union Artesana elkartearen 150. urteurrenari hasiera emango zaio, sari berezi bat emanez: Konstituzio plazako liburutegiaren balkoian igo eta jaitsiko den bandera.
Hemendik aurrera, sari edo errekonozimendu hori urtero emango du Udalak, Danborradarekin lotura duen elkarte edota pertsona bati, beti efemeride edo ekintza berezi batekin lotuta.
Azken urteotan bezala, Union Artesanak ordezkari bana izango du izena eman duen danborrada bakoitzeko, "hiriaren jai nagusiaren une hunkigarri hori partekatzeko". Aurten, 93 pertsonak hartuko dute parte Sarriegi plazan 23:15ean hasiko den ekitaldian; horiek guztiak Konstituzio plazako tauladara 23:30ean sartuko dira, "Tatiago"rekin.
Realeko emakumezkoen hockey eta futbol taldeetako jokalariek, hau da, aurtengo Urrezko Danborraren irabazleak, parte hartuko dute ere, eta “Donostiako Martxa” abestuko dute. Ondoren, mastatik Bandera jaitsiko dute, eta ekitaldia "Txuri Urdin" eta "Aupa Gizona" doinuak interpretatuta amaituko dute.