Itxi

Gizartea

Txartela

2.507 lagunek erabili zuten 2019an kirol-instalazioetarako txartel bakarra

EiTB.EUS

Erakundeek sortu eta bultzatu dute Mugiment Kirol Txartela; aplikazioaz baliatuta, herritarrek aukera dute EAE osoko hainbat udalerritako kirol-instalazioak erabiltzeko. 16 herritan dago eskuragarri.

  • Mugiment Kirol Txartelaren balantzea asteazkenean aurkeztu dute. Argazkia: irekia.euskadi.eus.

    Mugiment Kirol Txartelaren balantzea asteazkenean aurkeztu dute. Argazkia: irekia.euskadi.eus.

2.507 lagunek erabili zuten 2019an Mugiment Kirol Txartelaren aplikazioa, alegia, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek eta EAEko hainbat udalek kirol-instalazioetarako bultzatutako txartel bakarra. Horrek aukera ematen die herritarrei hainbat herrialdetako kirol-instalazioetan ibiltzeko, ez bakarrik norberaren herrian; 2019an, 17.113 udalerri arteko erabilerak izan ziren, hau da, 17.000 alditan baino gehiagotan erabili zituzten EAEko herritarrek eurena ez den beste herriren bateko udal-instalazioak.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Carlos Sergio Achotegui Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol aholkulariak eta Amaia del Campo Barakaldoko alkateak ekimenaren balantzea aurkeztu dute asteazken honetan. Haiekin batera, txartela eskaintzen duten Bizkaiko herrietako ordezkari batzuk ere izan dira.

2017an hasi zen Mugiment Kirol Txartelaren proiektua, hain zuzen ere, ondorengo herrietan: Santurtzin, Portugaleten, Ortuellan, Trapagaranen, Zierbenan eta Abanton. Gerora, Barakaldora, Sestaora eta Muskizera iritsi zen; orain, Zupiriak jakinarazi duenez, hurrengo herrietan dute: Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Eskoriatzan eta Oñatin (urtarrilaren 2tik), eta Laudion eta Amurrion (asteazken honetatik). Hortaz, EAEko 16 udalerrik eskaintzen diete euren herritarrei txartel bakarra, hau da, 355.000 lagunek baino gehiagok dute aukera horretaz baliatzeko.

Zehaztu dutenez, hurrengo helburua da Mugiment Kirol Txartela iristea, 2020ko lehen hiruhileko honetan, Getxora, Erandiora, Sopelara, Deriora, Mungiara, Bakiora, Basaurira eta Etxebarrira; eta asmoa da bi urte barru, 2021eko amaierarako, euskal udalerri guztietan egotea.

"Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako ezarri zuen helburuetako bat da jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoari aurre egitea. Gure helburua da etorkizun hurbilean Mugiment Kirol Txartela Euskadi osora iristea, eta herritar guztiei kirola egiteko erraztasun gehiago eskaintzea, Ezkerraldean eta Meatzaldean ezartzeko fase pilotuan egin den bezala. Azpimarratu nahi dugu, halaber, txartel bakarraren kontzeptua Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetara eramateak garrantzia duela", adierazi du Zupiriak.

29.137 erabiltzailek deskargatu dute, 2017tik

Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, 29.137 lagunek deskargatu dute aplikazioa euren mugikorretan abian jarri zenetik, eta, guztira, 7.775 erabiltzaile baliozkotu dira, hau da, 2017tik hona eskuragarri izan duten 9 udalerrietako abonatuen % 14. Zierbenako kirol-instalazioak erabili dituzte beste herrietako herritarrek gainerakoak baino gehiago: guztira, udalerri arteko 7.700 erabilera izan dituzte horiek.

Ohar batean, Eusko Jaurlaritzak Mugiment Kirol Txartela erabiltzeko pausuak zeintzuk diren ekarri du gogora: mugikorrean, Mugiment Kirol Txartela instalatu behar dute erabiltzaileek; erregistratu behar dira, datu pertsonalak, e-mail helbidea eta NAN zenbakia emanda, eta adierazita abonatua den instalazioaren izena. Esandako erakundea balioztatu ondoren, eta notifikazioa jaso ostean, Mugiment Kirol Txartela erabil daiteke. Kirol- instalaziora sartzean, "txartel birtuala" eta NANa erakutsi behar da; instalazioaren langileak sarrera erregistratzen du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartuz eta sarrera emanez.

Txartela doakoa da, baina beharrezkoa da udalaren kirol-zerbitzuan abonatuta egotea txartela erabili ahal izateko.