Gizartea
Gaztelugatxe
Gaztelugatxen egingo den aparkalekua 'mesedegarria' dela uste du Bizkaiko Aldundiak
Agentziak | Erredakzioa
Gaztelugatxeko aparkalekuaren ingurumen ebaluaziorako txostenak ondorioztatu du ez direla "ondorio kaltegarriak" ematen, eta, beraz, "mesedegarria" dela, Bizkaiko Aldundiaren arabera.
-
Ingurumen ebaluaziorako txostenak ondorioztatu du ez daudela "ondorio kaltegarririk". Argazkia:EiTB.
Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Sustatzeko Bizkaiko diputatuak astelehen honetan, urtarrilaren 13an, Bizkaiko Batzar Nagusian azaldu duenez, Gaztelugatxeko sarbideetan eraikitzea aurreikusten den aparkalekuari buruz Saileko teknikariek egindako ingurumen-ebaluazioaren txostenak ondorioztatzen du ez dela "ondorio kaltegarririk" ematen, eta, beraz, "mesedegarria" dela.
Elena Unzuetak agerraldia egin du Foru Ganberako Iraunkortasunaren eta Ingurune Naturalaren Batzordean, Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk eskatuta, Gaztelugatxeko Urizarreta aparkalekuak ingurumenean duen eraginari buruz egindako txostenaren berri emateko.
Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, diputatuak azaldu du departamentuko teknikariek egindako ingurumen ebaluazio txostenak adierazi du ez dagoela "ondorio kaltegarririk", ez dituela isurketak handituko, eta, beraz, "aldeko txostena" lortu dutela.
Unzuetak berretsi duenez, aparkalekuak 51 turismo, bi autobus eta bizikletentzako lekua izango du, eta "garraio pribatuaren erabilera ahultzea" du helburu."Gune turistiko handia bihurtu da", eta joan den udan 235.000 bisitari izan zituen.
Iratxe Arriola EH bilduko batzarkideak Aldundiari "proiektua klima aldaketaren estrategian sartzen den" galdetu dio, eta kritikatu du "ingurua artifizializatu" egiten dela. Hori dela eta, Bermeoko eta Bakioko udalerrietatik Bizkaibuseko anezkak martxan jartzeko eta Gaztelugatxera oinez edo bizikletaz iristeko bide bat eraikitzea eskatu du.
Xabier Benito, Elkarrekin Bizkaiko ahaldunak, ohartarazi du proiektua "ideia txarra" dela, "inbertsio izugarria delako ezeri irtenbiderik ez emateko eta ingurumen arrazoiengatik, ez duelako ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuko".
Eduardo Andrade PPko batzarkideak ohartarazi du Aldundiaren proiektua "ia atzeraezina den ingurumen inpaktu larriko obra" dela.
Gobernu taldea osatzen duten alderdietatik Gorka Beitia EAJko batzarkideak eztabaida "termino politikoetan" garatu izana kritikatu du, eta ez teknikoetan; aldiz, Amaia Rebollo PSEko ahaldunak adierazi du bere alderdiak aurkeztutako txostena aztertuko duela.
SOS Gaztelugatxek ingurumenaren gaineko eraginari buruzko txostenaren falta salatu du
SOS Gaztelugatxek salatu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik ez du ingurumen-inpaktuaren inguruko txostenik aurkeztu. Gaztelugatxeko biotopotik metro gutxira aparkaleku bat eraikitzea aurreikusten duen proiektuaren txostena aurkeztea "ezinbestekotzat" jotzen du.
Gaur egun, Gaztelugatxe helmuga turistiko gisa hainbat urtez sustatu ondoren, ingurumenarekiko duen eragina erakusten duen plan osatu bat ez dela aurkeztu adierazi du ohar batean mugimenduak, Aldundiak "Bakioko eta Bermeoko herritarren galderei eta kezkei erantzun gabe" jarraitzen duela azpimarratu du.
Unzuetak Bizkaiko Batzar Nagusian egindako agerraldiaren harira, SOS Gaztelugatxek adierazi du foru arduradunak "berriz ere huts egin" duela. "Gutxieneko autokritikarik gabe, Gaztelugatxeko biotopotik metro gutxira aparkaleku bat eraikitzea aurreikusten duen foru proiektua irakurtzera mugatu da", adierazi du.
Era berean, "gainerakoei haien akatsak leporatzea" egotzi dio. "Bitxia da foru diputatuak autoentzako aparkalekua autobusentzako aparkaleku bihurtzeaz hitz egitea, proiektua berregiteko beharra aipatu gabe. Foru proiektuak ez du zehazten aparkalekua iragankorra den ala ez, baizik eta ibilgailu pribatuentzako 51 aparkaleku izango dituela", ondorioztatu du.
Aparkalekua Urizarreta gunean
Urizarretako sarbidean bi jarduketa barne hartuko dituen proiektua garatuko da: Bata, ibilgailuei zuzendutako 51 plazako aparkalekua; eta bestea, gaur egungo aparkalekua birmoldatu eta autobusentzako aparkaleku bihurtzea. Hala, garraio kolektiboko sistemetarako nahiz garraiobide jasangarrietarako (bizikleta, adibidez) irisgarritasuna ere hobetu egingo da.
Oraingo aparkalekuaren berrantolaketa 24 aparkaleku kendu eta autobusetarako bi plaza nahiz bizikletentzako gune bat egokitzean datza. Gainerako eremuan espaloiak eta berdeguneak egongo dira. Lizitazioaren aurrekontua 991.764 eurokoa da, eta egikaritzeko epea 13 hilabete da.