Itxi

Gizartea

Bizkaia

SOS Gaztelugatxe plataformak 'masifikazioaz' ohartarazi du

Agentzia | Erredakzioa

Toki turistikoaren inguruan herritarrekin batera eztabaida ireki bat izatea eskatu die plataformak "eragile inplikatuei".

  • Gaztelugatxe Doniane (Bizkaia). Artxiboko argazkia: Julen Iturbe

    Gaztelugatxe Doniane (Bizkaia). Artxiboko argazkia: Julen Iturbe

Gaztelugatxeko Donianen (Bizkaia) ematen ari den "masifikazioaz" ohartarazi du SOS Gaztelugatxe plataformak larunbat honetan. Horregatik, toki turistikoaren inguruan herritarrekin batera eztabaida ireki bat izatea eskatu die plataformak "eragile inplikatuei".

Azken polemika hizpide izan du plataformak ohar batean. Enpresa pribatu batek txango bat antolatu zuen 15 euroren truke datorren astelehenerako, komunikabideek jakitera eman dutenez. Ingurunea modu altruistan zaintzen duen boluntario talde batek pintxoak eskaini ohi ditu urteko azken mezan.

SOS Gaztelugatxeren hitzetan, azken polemika "tokiak pairatzen duen masifikazioaren beste ondorio bat gehiago da, batez ere Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutakoa".

Kritikatu duenez, "Bizkaiko Foru Aldundiak masifikazio turistikoaren alde egindako apustuak pasaiari kalte egiten dio, eta balio kultural eta espiritualen galera ekarriko du, abenduak 20 bezalako egun berezietan, esaterako".

Plataformaren ahotan, Gaztelugatxeko Donianek "moratoria bat merezi du, gogoeta egiteko eseri, toki naturalak bizirik jarraitzeko esfortzu komuna; belaunaldi berriek arbasoek bezala ezagutu ahal izateko".