Itxi

Gizartea

Eraso larria

Donostiako Udala herri akusazio gisa aurkeztuko da Santi Costaren heriotzaren auzian

Agentziak | Erredakzioa

17 urteko adingabea apirilean hil zen, tabako-pakete batek eragindako eztabaida baten ostean, hainbat gaztek emandako jipoiak eragindako zauri larriengatik.

  • Erasoa Donostiako dantzaleku baten kanpoaldean jazo zen.

    Erasoa Donostiako dantzaleku baten kanpoaldean jazo zen. Artxiboko argazkia: Jon Hernandez

Donostiako Udaleko Gobernu Batzarra herri akusazio gisa aurkeztuko da Santi Costa 17 urteko adingabearen heriotzaren auzian, Eneko Goia Donostiako alkateak astearte honetan iragarri duenez. Gaztea apirilean hil zen, hainbat gaztek dantzaleku baten kanpoaldean emandako jipoiak eragindako zauri larriengatik.

Goiak ohar batean azaldu duenez, erabaki horren bitartez, “gazte adingabe baten zoritxarreko heriotzak” herritarrengan eragin zuen “alarma egoera larriari” erantzun nahi dio Donostiako Udalak.

Gertakariak apirilaren 26an jazo ziren, 05:00ak aldera, Udaletxearen eta Donostiako Klub Nautikoaren arteko gune batean, Kontxa pasealekuaren hasieran, Donostiako diskoteka ezagun baten kanpoaldean. Antza denez, tabako-pakete batek eragindako eztabaida baten ondorioz sortu zen liskarra. Une horretan, ezezagun batzuek 17 urteko gaztea jipoitu zuten, eta larri zauritu zen. Santi, Donostian eta Kantabriako Reocin udalerrian bizi zen.

Bertaratutako medikuek, bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egin zizkioten, eta, ondoren, oso larri eraman zuten Donostia Ospitalera. Alabaina, bi egun geroago hil zen.

Testuinguru horretan, 18 eta 25 urte bitarteko zazpi gazteri gertakari horietan parte hartu izana leporatzen diete.

Donostiako Udalak azaldu duenez, herri akusazioan aritzeko dauden mugen eta arazo legalen inguruan ohartarazten duen txostena eskuartean izan arren, alkateak, Bozeramaileen Batzordearen iritzia aintzat hartuta, komenigarritzat jo du auzi horretan herri akusazio gisa aurkeztea.

Hala, gaiaren izaera eta Udalaren defentsa juridikoko errekurtsoen muga ikusita, gaian aditua den abokatu baten laguntza juridikoa eskatzea erabaki du Udalak.