Itxi

Gizartea

Gabonetako Loteria

Hirugarren sariak, 00750 zenbakiak, 7,3 milioi euro utzi ditu Hego Euskal Herrian

Agentziak | Erredakzioa

Zenbaki hori Iruñeko, Bilboko, Gasteizko eta Donostiako administrazioetan saldu dute, besteak beste. Halaber, zergak ordaintzetik salbuetsitako kopurua 20.000 eurora igo da.

1:25
Nafarroan hirugarren saria banatu dute

00750 zenbakiari egokitu zaio 2019ko Gabonetako Loteriaren Ezohiko Zozketaren hirugarren saria. 500.000 euro banatu ditu serie bakoitzean (50.000 euro dezimo bakoitzeko). Ildo horretatik, 7,3 milioi euro baino gehiago utzi ditu Hego Euskal Herrian; 2,3 milioi euro Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hainbat herritan, eta bost milioitik gora Nafarroan.

Iruñean, Aldapa kaleko administrazioan zenbaki irabazlearen hamar serie saldu dituzte, eta, horrenbestez, bost milioi euro banatu dituzte hor. Noainen, dezimo bat saldu dute, eta 50.000 euro egokitu zaizkio irabazleari.

Ismael Cuadrado Iruñeko Alde Zaharreko administrazio horren jabea da, eta kazetarien aurrean nabarmendu duenez, "oso pozik" daude emandako sariarekin, izan ere, "diru asko" banatu dute. "Lehen urtea izanik, hasiberriaren zortea izan dugu", ziurtatu du.

Azaldu duenez, dezimo gehienak Iruñeko Udaleko oposizio batzuetarako prestatzen ari ziren lagun batzuei saldu zizkieten. Pertsona horientzat zortea bikoitza izan da, izan ere, Gabonetako loteriaren sariaz gain, oposaketa hauek ateratzea lortu zuten.

Udal langile horiek zenbaki horretako bi serie osorik eskatu zituzten espresuki, esan du administrazio horretako langileetako batek.

Zenbaki hori erosi zuen beste pertsona batek, Iruñeko desgaitasun-zentro bateko langileak, azken zifran 0 zuen zenbaki bat eskatu zion Ismaeli, lankideen eta senideen artean banatzeko asmoz.

Administrazio horretako arduradunak 00750 zenbakia eman zionean, emakumeak "pikutara” bidali zuela aitortu du Ismaelek, “zenbakia oso  itsusia zela iritzita". Ismaelek, hauxe erantzun zion: "Horregatik hartu dut, itsusia delako".

Halaber, Bilboko Bidebarrieta kaleko 16. zenbakian dagoen administrazioak hirugarren sariaren serie bat saldu du, eta Leioako (Bizkaia) Artea merkataritza-guneko administrazioak beste bat. Horrenbestez, milioi eta erdi euro banatu dituzte guztira.

Bestalde, Gasteizen bizi den Kamerungo gazte batek 00750 zenbakiaren serie bat erosi zuen makina bidez.

Juan Carlos de Quintana, hamar dezimo horiek saldu zituen administrazioaren arduraduna, pozik agertu da.

Administrazioa Pasaje Postas kaleko 32. zenbakian dago, eta  mugikorrak konpontzeko denda batean lan egiten duen gaztea bertara hurbildu da.

Gipuzkoan ere sari horren zati bat banatu dute. Zehazki, dezimo bat Azkuene kaleko 2. zenbakiko administrazioan saldu da, Trintxerpen, Pasaian, eta beste bat Donostian, Karmengo Ama kaleko 45. zenbakian.

Hirugarren saria 11:11n eman dute, bosgarren taulan, eta Valentzia, Alacant, Granada, Lleida, Girona, Iruñea, Mutzia, Lleida eta Madrilgo administrazioetan saldu dute ere, besteak beste.

Ormaecheak serie oso bat itzuli zuen atzo

Bestalde, Bilboko Urkixo Zumarkaleko 52. zenbakian dagoen Ormaechea administrazioak salgai jarrita zuen zenbaki horren serie osoa itzuli zuen atzo.

Sergio Etxebarria Ormaechea Loteriako arduradunaren esanetan, jendeak “itsusitzat” jotzen duen zenbakietako bat da. "Zenbaki horiek leihatilan jartzen ditugu, jendea erostera animatzeko, baina azkenean inor ez da animatu erostera, eta atzo serie osoa itzuli behar izan genuen", azaldu du.

Hala, kopuru hori "Estatuko kutxetara" doala deitoratu du, eta horrek "pena" ematen duela aitortu du, benetan zenbaki guztiek sarituak izateko aukera berdinak dituztelako, baina "horrelako zenbaki bat ikusten denean baztertu egiten da".

"Ez dago zenbaki itsusirik, ezta politik ere"

Amaia Galan Leioako Artea merkataritza-gunean dagoen administrazioaren jabeak adierazi duenez, "ez dago zenbaki itsusirik ezta politik ere". 00.750 zenbakiko serie bat saldu dute hor.

Administrazioko arduradunak azaldu duenez, bi dezimo aplikazioaren bidez saldu ziren, eta gainerakoak leihatilan; beraz, guztira, 500.000 euro banatu dituzte.

Galanen esanetan, alabetako batek jakinarazi die hirugarren sari bat saldu dutela. "Hain da arraroa, bi aldiz begiratu behar izan duela", gaineratu du.

Hala, "oso pozik" daudela adierazi du Galanek, baina ez dela bertan  ematen duten lehen saria gogora ekarri du, izan ere, administrazioarekin daramatzaten bost urte hauetan beste zenbaki saridun batzuk saldu baitituzte.

2019ko Gabonetako Loteriaren zozketa

Urtero bezala, 09:00ak aldera hasi da Madrilgo Errege Antzokian, baina ordubete lehenago ireki dituzte ateak, ostiral goizaldetik ilara egin duten herritarrei sarrera ahalbidetzeko.

Guztira, 2.380 milioi euro banatuko dituzte saritan. Sari nagusia lortzen dutenek 400.000 euro jasoko dituzte dezimo bakoitzeko. Bigarren sariak, berriz, 125.000 euro banatuko ditu dezimoko, eta hirugarrenak 50.000 euro dezimoko. Bi laugarren sari egongo dira jokoan (20.000 euro dezimo bakoitzeko) eta bosgarren sariak zortzi izango dira (6.000 euro dezimoko). Bestalde, 1.794 zenbakik dezimoko 100 euroko saria jasoko dute.

Eguberrietako Loteriaren berrikuntzetako bat da aurten igo egin dela lortutako sariengatik zergak ordaintzetik salbuetsitako kopurua, 10.000 eurotik 20.000 eurora arte, hain zuzen ere. Horrek mesede egingo die kopuru hori baino gutxiago irabazten dutenei. Kopuru horretatik aurrera, % 20ko atxikipena aplikatzen da.

Azken zifra gisa gehien saritu duten zenbakia bosta izan da: 32 aldiz, baina inoiz ez da 25ean amaitu. Ondoren, laua izan da, 27 aldiz, eta seia, beste horrenbeste aldiz. Gutxien errepikatu den azken zifra bata izan da, eta atzetik datoz bia eta bederatzia.

Espainiako Ogasun Ministerioak 175 milioi euro bilduko ditu aurten sariei esker, iaz baino 13,6 milioi gutxiago, salbuetsitako gutxienekoa 20.000 eurora igo delako. Horrela, diru-kutxa publikoentzako "gabonsaria" % 7,2 txikiagoa izango da.

Gabonetako Loteriaren zozketaren salmentak 156.236.560 eurokoak izan dira Euskadin, iaz baino % 3,12 gehiago. Batez beste, euskal herritar bakoitzak 71,05 euro jokatu ditu loterian, Estatuko batez bestekoaren gainetik (62,20 euro). Espainian, Gabonetako zozketarako salmentak 2.900 milioi eurotik gorakoak izan dira, hau da, 2018koak baino % 3,09 gehiago.