Itxi

Gizartea

Euskararen eguna

Urkulluk 'bide berriak' eskatu ditu euskararentzat, hazten jarrai dezan

agentziak | erredakzioa

Ekitaldi instituzional batean, azken hamarkadetako lana goraipatu du, eta lan eremutik aisialdira eta hortik kultur sorkuntzara zabaltzeko beharra azpimarratu du.

1:36
Euskaren Eguneko ekitaldia / EiTB

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du euskarak gaur egun "bide berriak" jorratu behar dituela gizarteko alor guztietan hazten jarraitzeko, lan eremutik aisialdira, eta hortik kultu sorkuntzara.

Urkulluk Euskararen Egunaren harira egindako ekitaldi instituzionalean, "Bide berriak, modu berriak" lelopean, hitz egin du, Bilbon.

Lehendakariak azken hamarkadetan euskara sustatzeko egindako lana goraipatu du, baina gaur egun, alor guztietan hazi nahi badu, "bide berriak" behar dituela gaineratu du.

Lehendakariak uste du gizartearen atxikipena dela euskararen bultzadaren zutabea: "Euskal gizarteak duela denbora asko hartu zuen erabakia, eta ordutik berretsi egiten du: euskara gaur egungo eta biharko gizartean presente eta bizi-bizirik egotea nahi dugu. Euskara gure izatearen parte handia da, aberastu egiten gaitu: euskarak ez du kentzen, eman egiten du".

"Euskarak aberastu egiten gaitu eta bizi garen mundua anitzago egiten du. Azken hamarkadetan egin dugun ibilbideari balioa eman behar diogu, eta orain jarraipena ematea dagokigu", berretsi du.

Eider Etxeandia abeslariak Lauaxetaren 'Bide barrijak' lana oinarri hartuta emanaldia eskaini du, eta lehendakariak horri egin dio erreferentzia: "Bideak, moduak, garaiak, erronkak, guztia da berria eta, era berean, ezaguna. Etxeparek duela bost mende eskatu zuen moduan, euskaldunok ibilbide luzea egin dugu euskara alor guztietara eramateko eta duintasun handiagoa emateko. Lauaxetak duela mende bat bide berriez hitz egin zuen, Eider Etxeandiak gogora ekarri duen moduan. Eta horixe egingo dugu: bide egokienak hartu testuinguru bakoitzari erantzuteko".

Urkulluk eskerrak eman dizkie euskaldunei, euskararentzat eremu berriak irabazteko duten "animoagatik, ilusioagatik, irudimenagatik eta anbizioagatik".

Ilaski Serranok eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztutako ekitaldian enpresetako, ikerketa arloko, kulturako eta kiroleko ordezkariek parte hartu dute, gizartearen sektore desberdinetan euskara sustatzeko konpromisoa agertzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek, udalek, EUDELek eta UEMAk Euskararen Egunaren harira adostu duten adierazpena ere irakurri dute.

Bestalde, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Kike Amonarriz Topaguneko presidenteak 2020ko Euskaraldiaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Amaitzeko, ekitaldian parte hartu dutenek Itoiz-en 'Lau Teilatu' abestu dute haur minbiziaren aurkako EiTB Maratoiaren kanpainarekin bat eginez.