Itxi

Gizartea

San Sebastian Eguna

Realeko emakumeen futbol eta hockey taldeek jasoko dute 2020ko Urrezko Danborra

EiTB.EUS

Donostiako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak astearte honetan adostu du, gehiengo kualifikatuz. Urtarrilaren 20an jasoko dute saria bi taldeek.

  • Realak futboleko Erreginaren Kopa irabazi du, besteak beste, 2019an. Argazkia: EFE.

    Realak futboleko Erreginaren Kopa irabazi du, besteak beste, 2019an. Argazkia: EFE.

Realeko emakumeen futbol eta hockey taldeek jasoko dute 2020ko Urrezko Danborra, urtarrilaren 20an, Donostiako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak astearte honetan hala adostuta, gehiengo kualifikatuz.

10:30 aldera eman du erabaki horren berri Eneko Goia Donostiako alkateak.

Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gehiengo kualifikatuz erabaki du hiriko golardorik nagusiena bi talde horiei ematea; hortaz, aurten herritarrek ez dute bozkatu beharko Urrezko Danborraren irabazlea aukeratzeko. Araudian sartutako aldaketa bat baliatu du Batzordeak erabaki hori hartzeko, azken bi urteotan donostiarrek botoa emateko aukera izan ondoren.

Gehiengo kualifikatua erdiesteko, Osoko Bilkuraren ordezkaritzaren bi herenen babesa jaso behar da, gutxienez. Udalbatzeko 27 zinegotzietatik 18k gutxienez (hiru udal talde) eman diote babesa Realeko emakumezkoen bi talde horien hautagaitzari.

Erreginaren Kopako txapeldunak eta Europako Koparen txapeldunordeak

Horrela, Donostiak bi taldeen merituak nabarmendu ditu; izan ere, emaitza bikainak lortu dituzte biek 2019an. Futbol taldeak Erreginaren Kopa irabazi zuen, Granadan, Nuevo Los Carmenes zelaian, maiatzaren 11n, Atletico Madril 2-1 garaituta. Hockey taldeak, berriz, Liga irabazi zuen duela bi denboraldi, eta 2018-19ko denboraldian txapeldunorde izan da Europako Kopan.