Itxi

Gizartea

Inkesta

Euskadiko arazo nagusiak lan merkatua eta etxebizitza dira, Soziometroaren arabera

EITB.EUS

Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen azken txostenak jasotzen duenez, langabezia (herritarren % 59k aipatu dute) eta biztanleriaren zahartzea (% 37) dira erronka handienak.

  • Hainbat pertsona Bilboko kale batean.

    Lan merkatuarekin lotutako gaiak dira, herritarren arabera, Euskadiko arazo handienak. EFE

Euskadik gaur egun dituen arazo nagusiak lan merkatuarekin lotutakoak (% 59k aipatu dituzte hiru arazo nagusien artean) eta, maila apalagoan, etxebizitza eta etxegabetzeak (% 14k aipatu ditu) dira, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azken Soziometroaren arabera.

Inkesta telefono bidez egin zuten urriaren 1a eta 9a bitartean EAEko 2.170 herritarren artean. Azken galdeketa horrek Euskadiko Administrazio Publikoa zuen ardatz, baina egoera ekonomiko eta politikoarekin lotutako beste gai batzuk ere aztertu dituzte.

Lan merkatuaren eta etxebizitzaren arazoaz gain, honakoak aipatu dituzte herritarrek, askoz gutxiago bada ere: immigrazioa (% 11), egoera politikoa, politikariak eta gatazka politikoa (% 10), pentsioak (% 10), delinkuentzia eta segurtasun falta (% 10), arazo ekonomikoak (% 9), zerbitzu publikoen funtzionamendua eta estaldura eta laguntzak (% 7) eta osasungintza (% 6). Aipatzekoa da pentsioekin eta herritarren segurtasunik ezarekin lotutako arazoen goranzko joera atzeman zutela.

Bestalde, Euskadik hurrengo urteetan izango dituen erronkak zeintzuk izango diren galdetuta, langabezia aipatu dute itaundutakoen % 59k. Dena dela, beste hauek ere aipatu dituzte: biztanleriaren zahartzea (% 37), pentsioak (% 36), desberdintasun sozialak (% 35) eta klima-aldaketa (% 28).

Gai politikoei helduta, alderdien eta buruzagien inguruan duten iritziaz galdetu zieten herritarrei. Soziometroaren arabera, EAJ izan da berriz ere begikotasun handiena sortzen duen alderdia (5,1 puntu, 0tik 10erako eskalan), eta ondoren geratu dira EH Bildu (4,0), Elkarrekin Podemos (3,9) eta PSE-EE (3,7). PP (1,6) da baloraziorik txarrena jaso duena, beste behin.

Buruzagi politikoen balorazioan, Iñigo Urkullu lehendakaria (5,7) eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea (5,1) dira gainditu duten bakarrak. Horien atzetik daude Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Lander Martinez (Elkarrekin Podemos) —4,2ko nota jarri diete biei— eta Arnaldo Otegi (4,0). Azken postuan, Alfonso Alonso (1,9) dago berriro. Aurreko Soziometroaren datuekin alderatuta, buruzagi guztiek behera egin dute pixka bat.

Independentziari buruzko iritziari dagokionez, biztanleen % 34 ez daude ados, % 31 alde edo kontra leudeke egoeraren arabera, eta % 20 ados daude. Galdetutakoen % 15ek ez du erantzun.