Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

4.659 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babesa genero-indarkeriagatik

EiTB.EUS

Egun, babes-aginduek edo urruntze-aginduek 3.291 emakumeri eragiten diete, eta 85ek eskolta eramaten dute. 386 emakumek erabiltzen dute APP Bortxa mugikorrerako aplikazioa.

  • Irudian, indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea, Gasteizen. Argazkia: EFE.

    Irudian, indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea, Gasteizen. Argazkia: EFE.

Etxeko indarkeriaren edo genero-indarkeriaren 4.659 biktimak jasotzen dute, gaur egun, Ertzaintzaren babesa, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gainera, babes-aginduek edo urruntze-aginduek 3.291 emakumeri eragiten diete, eta 85ek eskolta eramaten dute (arrisku-mailaren arabera, iraunkorra ala noizbehinkakoa da eskolta hori). Halaber, 46 erasotzailek kontrol telematikoko eskumuturrekoa eramaten dute.

Jaurlaritzak, era berean, zehaztu du 386 emakume biktimak erabiltzen dutela APP Bortxa mugikorrerako aplikazioa; aurten hasi da eskuragarri egoten aplikazio hori, eta aukera ematen die etxeko edo genero-indarkeriaren biktimei ertzain-etxeekin eta laguntza-zentro espezializatuekin etengabeko harremana izateko. Ertzaintzak, horrez gain, Bortxa telefonoa lagatzen die aplikazio hori erabiltzerik ez duten emakumeei; egun, 74 biktimak dute Bortxa telefono hori.

Datuak, lurraldez lurralde

Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, 2019ko azaroaren datuei erreparatuta, Arabako 752 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babesa, Segurtasun Sailak etxeko indarkeriagatik edo genero-indarkeriagatik abiatutako polizia-espedienteak irekita; Bizkaian, 2.356 emakumek jasotzen dute babes hori; eta Gipuzkoan, 1.551k. 2018ko azaroan, guztira, 4.565 biktimak jasotzen zuten: Arabako 789k, Bizkaiko 2.304k, eta Gipuzkoako 1.472k.

APP Bortxa erabiltzen duten emakumeen artean, 85 Araban bizi dira, 216 Bizkaian, eta 85 Gipuzkoan. Aplikazio horren zerbitzuak ere ematen dituen Bortxa telefonoaren 11 erabiltzaile daude Araban, 41 Bizkaian, eta 22 Gipuzkoan.

Segurtasun Sailak zaintzako hainbat lan egiten ditu; espediente larrienetan, eskolta-zerbitzua eskaintzea ere badago lan horien artean. Une honetan, Arabako 11 biktimak dute bizkartzaina, Bizkaiko 66k, eta Gipuzkoako 8k. Iaz, guztira, 66 emakumek eramaten zuten eskolta, EAEn.

Tratu txarrak pairatzen dituen emakumeari babesa emate aldera, halaber, aukera dago epaile batek babes-agindua edo urruntze-agindua ebazteko. Gaur egun, Araban mota horretako 503 agindu daude, 1.524 Bizkaian, eta 1.264 Gipuzkoan. Iaz, neurri horiek EAEko 3.023 emakumeri eragiten zieten.

Kasu jakin batzuetan, epaileak aginduta, erasotzaileak eskumuturreko elektronikoa eraman behar izaten du, urruntze-agindua betetzen duela bermatzea xede. Egun, 5 eskumuturreko daude aktibo Araban, 32 Bizkaian, eta 9 Gipuzkoan. 2018an, guztira, 30 eskumuturreko zeuden aktibatuta Euskadin.

2000tik daude araututa jarduketa-prozedurak

Ertzaintzak 2000tik ditu araututa emakumeen kontrako tratu txarrei aurrea hartzeko eta aurre egiteko jarduketa-prozedurak. Egungo protokoloak 2006an jarri ziren abian. Horien artean, nabarmentzen da Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera prestatu zen eta Europan aitzindaria den arriskuak ebaluatzeko sistema. Arriskua neurtzeko prozedura hori, Ertzaintzak zehaztu duenez, behin baino gehiagotan berrikusi eta hobetu dute, azken aldiz 2013an.

Ertzaintzak, kasu berri bat hautematen duen bakoitzean, informatikoki erregistratzen du, etxeko indarkeriako edo genero-indarkeriako espediente batean. Une horretatik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, esleituta duen arrisku-maila edo epaileak ebazpenarik eman duen alde batera utzita.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.