Itxi

Gizartea

Txostena

15 eta 29 urte arteko 1.278 emakumek indarkeria matxista salatu zuten 2018an, EAEn

Agentzia | Erredakzioa

Emakume gazteen artean indarkeriarik ohikoena bikotekideak edo bikotekide ohiak egindakoa da, 908 salaketarekin.

  • Indarkeria matxistaren aurkako protesta Bilbon. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

    Indarkeria matxistaren aurkako protesta Bilbon. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

15 eta 29 urte arteko 1.278 emakumek indarkeria matxista salatu zuten Ertzaintzaren aurrean, 2018an.

Gazteriaren Euskal Behatokiak txosten bat kaleratu du larunbat honetan, Emakundek eta Segurtasun Sailak eskainitako datuekin, azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna izango baita.

Guztira, 4.244 emakumek indarkeria matxista salatu zuten Euskadin, horietatik 1.278k 15 eta 29 urte bitartean dituzte.

Emakume gazteen artean indarkeriarik ohikoena bikotekideak edo bikotekide ohiak egindakoa da, 908 salaketarekin:159 (15 eta 19 urte bitartean); 337 (20 eta 24 urte bitartean) eta 412 (25 eta 29 urte bitartean).

Bestalde, familia barruko indarkeria 15 eta 29 urte arteko 184 emakumek salatu zuten, datuen arabera.

Gainera, sexu-askatasunaren aurkako indarkeria beste 166 emakume gaztek salatu zuten.

30 urtez gorako emakumeek salatzen duten indarkeria tasa gainditzen dute 15 eta 29 urte arteko gazteek. Enplegu eta Gazteria sailburuordearen ahotan, "ezinbestean ez da indarkeria gehiago sufritzen dutelako izan behar, gazteek tolerantzia maila txikiagoa dutelako baizik ahalduntze handiago bati esker".

Gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko, Beldur Barik programa 2009tik martxan dagoela gogorarazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak.