Itxi

Gizartea

Tragedia Mediterraneoan

Beste patera bat bilatzeko operazioa bertan behera utzi du 'Aita Mari' ontziak

eitb.eus

Search and Rescue erakundeak arriskuan dagoen ontzia bilatzeko nabigazioa eten du, 'Aita Mari' ontziaren "segurtasuna mantentzeko", izan ere, iraganean Libiako kostazainekin istiluak izan dituzte.

1:19
'Aita Mari'k erreskatatutako migranteak

Mediterraneoan arriskuan dagoen beste patera bat bilatzeko eta erreskatatzeko operazioa bertan behera utzi behar izan du Aita Marik, Search and Rescue erakundeak ohar batean jakitera eman duenez.

"Itsas zabalean arriskuan egon daitekeen ontzi baten berri eman digute goizean. Hirugarren abisua izan da 24 ordutan", zehaztu dutenez.

Horregatik, Aita Mari jakinarazitako kokapenerantz abiatu da, "agintari guztiei" abisua eman ondoren. "Duela minutu batzuk Libiako agintarien mezu bat jaso dugu, bilaketa eta erreskate operazioaren ardura hartu behar zutela esateko", erantsi dutenez.

"Nahiz eta gure laguntza eskaini, ez dute onartu", azaldu dute. Azkenik, "ontzi barruko segurtasuna bermatzeko" arriskuan zegoen patera bilatzeari uztea erabaki dute; izan ere, iraganean Libiako kostazainekin istiluak izan eta ontzi barruko naufragoak "arriskuan" jarri dituzte.

Aita Mari ontziak iparralderantz jo du orduan. Kostaldeko agintariek "portu seguru" bat eskaintzeko zain daude, ostegunean erreskatatuko 78 pertsonak lehorreratzeko.

Erreskate eta hildako gehiago

Abenduaren 19tik Ocean Viking ontziak 215 pertsona erreskatatu ditu; Open Arms ontziak beste 73 pertsona; Aita Marik 78; bestalde, 74 pertsona euren kabuz iritsi dira Lampedusara, eta Maltako Itsas Armadak 70 pertsona erreskatatu ditu.

Gainera, Libiako kostazainek 289 pertsona atzeman dituzte itsaso zabalean, eta berriz lehorrera eraman dituzte. Tunisiako kostazainek beste 43 naufrago atzeman dituzte, Search and Rescueren arabera.

Bestalde, Libiako arrantzale batek Alarm Phoneri jakitera eman dionez, patera bat hondoratu da kostaldean eta gutxienez 67 pertsona hil dira. 30 pertsona erreskatatu ahal izan dituzte.

Iñigo Mijangos Itsasoko Laguntza Humanitarioko presidenteak goizean Radio Euskadin azaldu duenez, osteguneko erreskatatuak "lasai eta nahiko ongi daude mugimendu handiko gau baten ostean".

Maltara bidean

Aita Marik "une oro bere kokapenaren eta gertakarien" berri eman duela azpimarratu du Mijangosek. Horrela, "agintariei bideratzeko" eskatu diete, baina oraingoz ez dute "jakinarazpenik" jaso. "Telefono deiak jaso izana baieztatu du Maltak, baina ez dugu informazio gehiagorik", ohartarazi du.

Nahiago duten portuari dagokionez, "logikoki Malta hurbilen dagoen porturik seguruena litzateke eta, abisu gehiagorik jasotzen ez baldin badugu, litekeena da eguerdian Maltako bandan hastea, eta lehorreratzeko portua eskatuko dugu".

Espainiako Gobernuaren haserrea sumatu ote duten galdetu diotenean, Mijangosek ukatu egin du. Orain arte Espainiako agintariekin elkarrizketa "informalak" izan dituztela esan du.

"Gure irizpidea mantendu eta Maltako zonaldean jarraituko dugu, eta agintariekin harremanetan jarriko gara, legeak eta nabigaziorako nazioarteko kodeak ezarri bezala. Arazo handirik egon beharko ez litzatekeela uste dut", errepikatu du.

78 pertsonak erreskatatu eta ordu batzuk geroago, jitoan zegoen beste ontzi baten berri jaso zuen Aita Marik. Beste 94 pertsona arriskuan zeuden. Mijangosek zehaztu duenez, azkenean Open Arms ontzia arduratu zen.

"Guk iparralderantz jo genuen hirugarren ontzi baten bila, baina zorionez Maltako kostazainek aurkitu zuten; hala ere, zonaldean jarraitzen dugu abisu berrien zain", azaldu du.