Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

Fiskaltzak 7 urtetik 6ra jaitsi du La Manadaren aurkako eskaera, Pozoblancoko kasuan

agentziak | erredakzioa

Fiskaltzak lau urteko zigor eskaerari eutsi dio intimitatearen aurkako delituagatik, baina 3tik 2ra jaitsi du sexu-gehiegikeriengatik eskatzen zuena.

  • La Manadakoak, Kordobako epaiketan. Argazkia: Efe

    La Manadakoak, Kordobako epaiketan. Argazkia: Efe

Fiskaltzak 7 urtetik 6ra jaitsi du La Manadako lau kideen (Alfonso Jesus Cabezuelo, Jose Angel Prenda, Antonio Manuel Guerrero eta Jesus Escudero) aurkako espetxe zigor eskaera, Pozoblancon (Kordoba), 2016ko maiatzaren 1ean, neska bati sexu gehiegikeriak egitea leporatuta.

Erasoa bideoz grabatu zutelako izan dute gertakariaren berri, Nafarroako foruzainek aurkitu baitzituzten irudiak hilabete batzuek geroago, sanferminetako bortxaketaren ikerketan.

Epaiketaren gako nagusia izan da bideoa, defentsak froga gisa ez onartzea eskatzen baitzuen. Jose Angel Prenda berak aitortu du berak grabatu zuela Antonio Manuel Guerreroren sakelako telefonoarekin, eta besteek jakin gabe partekatu zituela irudiak.

Lau gizonen aurka Kordoban egiten ari diren epaiketan, Fiskaltzak 4 urteko zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat intimitatearen aurkako delituagatik, baina 3tik 2ra jaitsi du sexu abusuengatik eskatzen zuena, larrigarririk ez dagoela iritzita.

Bestalde, akusazio partikularrak bi urte eta erdiko eskaerari eutsi dio abusuengatik, eta lau urte intimitatearen aurkako delituagatik. Bideoei dagokienez, "erabat zilegia" den froga bat dela adierazi du.

Herri-akusazioak ere eskaera horri eutsi dio hiru akusaturen kasuan, baina 5 urte eskatzen ditu Alfonso Jesus Cabezuelorentzat, berea sexu-erasoa izan zela iritzi diolako. Intimitatearen aurkako delituagatik 4na urteko zigorra eskatzen du herri-akusazioak ere.

Defentsak, berriz, akusatuen absoluzioa eskatu du, baina zigor alternatiboak ere proposatu ditu bideoak froga gisa onartuz gero.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.