Gizartea
Berdintasun Ministerioa
Skolae programa sarituko dute, 'indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzeagatik'
Agentziak | Erredakzioa
Munduko Medikuak elkarteak, Nafarroan abiatutako egitasmo aitzindari batengatik, eta Euskadin bizi den Amelia Tiganus emakumezkoen salerosketaren biktima errumaniarrak ere jasoko dute sari bana.
-
Saria astelehenean emango diote Skolaeri. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Espainiako Gobernuaren Berdintasun Ministerioak Nafarroako Gobernuaren Skolae programa saritzea erabaki du, "indarkeria matxistaren aurka hezi eta sentsibilizatzeagatik".
Golardoa azaroaren 25ean emango diote Skolaeri, astelehenarekin, Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren ekitaldi instituzionalean. Carmen Calvo Espainiako Gobernuaren Berdintasun Ministerioko jarduneko ministro eta presidenteordea izango du buru aurten hamaseigarren edizioa beteko duen ekitaldi horrek.
Skolae programaz gain, "Emakumeen aurkako beste indarkeria-mota batzuk" sailean, Munduko Medikuak elkarteak ere jasoko du saria, Nafarroan abiatutako egitasmo aitzindari batengatik; hain zuzen ere, emakumezkoen mutilazio genitalaren aurkakoa da saritutako proiektu hori.
Skolaek UNESCOren golardoa jaso zuen urrian. Nazio Batuen Erakundearen Hezkuntzako atalak "kultura, erlijioa edo sexu nortasun edo joera dena delakoa ere haurrei berdintasunerako eskubide indibiduala gauzatzeko" ematen dituen tresnak nabarmendu zizkion orduan Skolaeri, eta prebentzio-lana ere egiten duela azpimarratu zuen.
Amelia Tiganus eta 'Jauria' antzezlana
Halaber, Euskadin bizi den Amelia Tiganus emakumezkoen salerosketaren biktima errumaniarra ere sarituko dute, "Gainditzea" sailean.
'Jauria' La Manadaren kontrako epaiketaren inguruko antzezlanak ere jasoko du Espainiako Berdintasun Ministerioaren sarietako bat.