Gizartea
Erorien Harana
Paco Etxeberria: 'Borondate politikoa eta gaitasun teknikoa dago, baina ez da erraza'
Radio Euskadi | Erredakzioa
Espainiako Ondare Nazionalak aukera zabaldu du Erorien Haraneko senitartekoen gorpuzkiak berreskuratzeko prozesuari aurre egiteko.
-
Paco Etxeberria. Argazkia: Radio Euskadi
Paco Etxeberria antropologo eta auzitegiko medikuak Radio Euskadiko 'Boulevard Informativo' saioan azaldu duenez, datorren urtarriletik aurrera, Erorien Haranean dauden gerrako eta frankismoko biktimen gorpuzkiak berreskuratzeko espazioak egokitu daitezke. "Tabikeak bota behar dira, kaxak mugitu. Pentsa 3.000 kaxa atera behar direla! Non jartzen dituzu?", esan du.
Horren esanetan, Erorien Haranean "30.000 pertsona baino gehiago daude, eta jakin badakigu zein herritakoak diren, kutxak oso ondo identifikatuta baitaude". 30.000 lagun horietako "1.000 inguru EAEkoak dira". Auzitegiko medikuaren hitzetan, "ez da lan erraza eta ez da itxaropen faltsurik sortu behar". "EAEn 15 familiak eskatu dute gorpuzkiak itzultzeko", adierazi du.
Etxeberriaren ustez, "ezin izango dituzte guztiak identifikatu"; izan ere, hainbat arazo daude, eta horietako bat da "erkaketa egiteko senide idealik ez dagoela". Hezurrak nori dagozkion jakitea zaila da, beraz, "nahiz eta areketan DNA ateratzen den eta haranean gorpuzkiak hobeto kontserbatuta dauden".
Gainera, beste maila bateko mugak ere badirela azpimarratu du antropologoak, zailtasun teknikoak eta gastuak kontuan hartu behar direlako.