Itxi

Gizartea

Epaiketa

Pozoblancoko emakumeak berretsi egin du sexu-abusuak egin zizkiotela

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

La Manadako lau kide epaitzen ari dira egunotan, Pozoblancon emakume gazte bati sexu-abusuak egin izana egotzita. Erasoa 2016ko maiatzean gertatu zen.  

  • Lau akusatuak epaiketan.

    Lau akusatuak epaiketan. Argazkia: EFE

La Manadako lau kide epaitzen ari dira Kordoban, 2019ko maiatzean, Pozoblancon, emakume gazte bati sexu-abusuak egin izana leporatuta.

Atzoko saioan, Alfonso Jesus Cabezuelo, Jose Angel Prenda, Antonio Manuel Guerrero eta Jesus Escudero akusatuek deklaratzeari uko egin zioten. Gaurko saioan, berriz, biktimak hitz egin du, eta salaketan esandako guztia berretsi du.

Horren abokatuaren esanetan, testigantza "argia eta irmoa" izan da. Biktimak bionbo baten atzean deklaratu du, auzipetuak ikusi beharrik ez izateko.

Neskak alde guztiek egindako galderei erantzun die, eta argi eta garbi esan du ez zuela baimenik eman gertakariak bideoan grabatzeko.

Horrez gain, biktimaren lagunek nahiz La Manada eta Peligro izeneko WhatsApp taldeetako kideek deklaratu dute, lekuko gisa.

Neskari egin zizkioten sexu-abusuen irudiak talde horietan partekatu zituzten akusatuek. Lekukoek, baina, bideo hura ikusi edo jaso ote zuten ez dutela gogoratzen esan dute, ordutik "denbora luzea" igaro dela argudiatuta.  Hortaz, instrukzio-fasean egindako deklarazioa berretsi besterik ez dute egin.

Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatzen du akusatuentzat: hiru urtekoa sexu-abusuak egiteagatik, eta lau urtekoa, intimitatearen kontrako delitua egotzita.