Itxi

Gizartea

Bilbo

Termibus berria azaroaren 29an jarriko dute martxan

EITB.EUS

Aurrez, hilaren 27an eta 28an, ate irekien bi egun antolatu ditu Udalak, herritarrek instalazioa ikus dezaten.

  • Horrelakoa izango da Termibus berria. Argazkia: Bilboko Udala

    Horrelakoa izango da Termibus berria. Argazkia: Bilboko Udala

Bilbo Intermodala —orain arte Termibus moduan ezagutu duguna— azaroaren 29an jarriko da abian, Bilboko Udalak ohar batean jakinarazi duenez.

Egun horretan, ostiralarekin, sartu eta irtengo dira lehenengo autobusak azpiegitura berritik. Bi egun lehenago, hilaren 27an, inauguratuko dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Alfonso Gil eta Asier Abaunza zinegotziek. Ondoren, bi egunez, ateak irekita egongo da autobus geltoki berria, herritarrek ikus dezaten.

Dena den, etzi emango dituzte lanen eta martxan jartzearen inguruko xehetasun guztiak, prentsaurrekoan.

BIDEOA: Termibus berriko lanak, minutu batean laburbilduta

Termibus egunero erabiltzen duten 13.000 erabiltzaileek aspaldi espero zuten inaugurazioa da honakoa. Izan ere, behin eta berriz atzeratu dute. Hasiera batean, aurtengo maiatzerako espero zen martxan egotea, baina gutxienez bi aldiz atzeratu behar izan dute irekiera. Azkenean, aurreikusitakoa baino sei hilabete geroago inauguratuko dute. Azken ia bi urte hauetan behin-behineko geltokia erabili dute herritarrek.

Lur azpiko geltoki horri esker, autobusak lur gainetik kenduko dituzte eta Luis Briñas kaleak tokiko zirkulazioa bakarrik izango du. Gainera, geltokiak sarbide optimizatuak edukiko ditu Gurtubay kaletik, eta horrek inguruan izango duen eragina txikituko du. Libre utziko dituen 7.500 metro koadroak plaza bat eraikitzeko erabiliko dira.

BIDEOA: Horrelakoa izango da Bilbo Intermodala