Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Karguekin aske utzi dute Durangon sexu-erasoa egotzita atxilotutako gizona

EiTB.EUS

Sexu-erasoa astearte gauean gertatu da. Ustezko erasotzailea, 24 urtekoa, atxilotu egin zuten, baina aske utzi dute jada.

Epaileak karguekin aske utzi du Durangon (Bizkaia) adin txikiko emakume bat bortxatzea egotzita atxilotutako 24 urteko gizona, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.

Gazteari sexu-erasoa egin izana leporatzen diote, baina epaileak kargupean aske uzteko agindu du, deklarazioa hartu ostean.

Durangoko Udalaren iturriek sexu-erasoa gaitzetsi dute, eta biktima adingabea dela nabarmendu dute. Udalbatzak adingabearekin adostutako erantzuna emango dio erasoari.

Udalak zabaldutako oharraren arabera, "horrelako gertakariek ez dute tokirik gizartean", eta biktimari babes osoa agertu eta beharrezko baliabide guztiak eskaini dizkiote, giza arloan zein arlo juridikoan.

Udalbatzak eraso horien aurkako protokoloa abiatu du, eta deituko diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Horren esanetan, horrelako gertaerek sortzen duten "kezka eta beldurra" kontuan izanik, ahal den guztia egingo du "indarkeria matxista desagerrarazteko" eta gizon eta emakume guztiek guztion errespetua izan behar dutela ulertarazteko.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.