Itxi

Gizartea

NAFARROA OINEZ

Nafarroa Oinez 2020 Lizarran ospatuko da

EITB.EUS

Urte osoan zehar aurrera eramaten den proiektua da, nafar guztiei zuzenduriko ekimen ugari biltzen dituena.

  • Nafarroa Oinezeko ordezkariak aurkezpenean. Argazkia: Nafarroa Oinez

    Nafarroa Oinezeko ordezkariak aurkezpenean. Argazkia: Nafarroa Oinez

Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta gainerako Ikastolek Lizarra Ikastola aukeratu dute 2020ko hezkuntza eta gizarte proiektua aurrera eramateko.

Lizarra Ikastolarentzat ez da kontu berria Nafarroa Oinez antolatzea, 1985, 1990 eta 2004. urteetan ere ospatu baitzuten. Beraz, esperientzia hori lagungarria izango zaie Nafarroa Oinez 2020ari hasiera emateko.

Bost helburu markatu dira: Ikastolako 50. urteurrena ospatzea, euskararen lehentasuna, kooperatibismoa eta gizarte-lana,  ingurune babesa eta Ikastolako Haur Eskolaren aldeko apustua.

Urte osoan zehar aurrera eramaten den proiektua da, nafar guztiei zuzenduriko ekimen ugari biltzen dituena. Horien bitartez, euskararen ezagutza eta erabilera sustatu nahi da. Urteko proiektuak zenbait ekintza eta egitasmo hartzen ditu, hauetariko batzuk urtero planteatzen diren ekintza egonkorrak: Artea Oinez, Oinez Basoa, Txikiak Handi, Erronka, Euskaltzaindiaren bisita eta ohiko bilera Ikastolan, Guztiok Bagara inklusibitate proiektua, Oinez Berdea ingurumen-ekimena.

Estellerrian ospatuko diren beste ekintza batzuk izango dira urte honetan zehar.

Logoa eta leloa talde-lanaren ondorioa izan dira. Markatutako helburuetatik abiatuta, horiek denak irudi eta esaldi baten bitartez uztartu nahi izan dira. 50 urteetan Lizarran euskaraz bai esanez egin dute aurrera. Orain, “beste 50 urtez hegan egiteko indarra” hartu nahi dute. Hori dela eta, txoriak aukeratu dituzte haien logorako, eta ‘Hegan oinez’ izango da leloa.

Euskaltzaleen elkartasuna eta babesa jaso du Tuterako Argia Ikastolak 

Argia Ikastolak eskerrak eman nahi izan dizkie Nafarroa Oinez eguneko giro paregabea posible egin zuten pertsona guztiei eta, bereziki, Argia Ikastolako nahiz Nafarroako gainerako ikastoletako familiei.

Beste behin, euskara eta borondatezko lana eskutik joan dira. Alde horretatik, balorazioa oso positiboa izan da. 

ERRONKA proiektuan gazteek izan zuten parte hartzea azpimarratu dute, baita txikienek haientzat prestatuko gunean izan zutena ere. Halaber, aurreko edizioan hasitako erronkarekin jarraitzen dute, gero eta Nafarroa Oinez inklusiboagoa egiteko. Ibilbide osoan zehar eta aurreikusitako jardueretan neurri inklusiboak ezartzea lortu zen; horretarako, ibilbidea behar bereziak dituzten pertsonetara egokitzeko, CERMIN, EUNATE, ONCE eta AMIMETen laguntza jaso zuten.

Behin Nafarroa Oinez eguna ospatuta aurrera eramango den azken egitasmoa Oinez Basoa izango da, 2020ko lehen hilabeteetan, urrats ekologikoa murrizteko helburuarekin.