Gizartea
Unicef
Haurren aurkako sexu-abusuak “gorantz doan arazoa eta detektatzen oso zaila”
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Isidro Elezgarai Unicef Euskadiko presidenteak eta Elsa Fuente koordinatzaileak Eusko Legebiltzarrean egin den haurren aurkako sexu-abusuen inguruko ikerketa baten ponentzian parte hartu dute.
Euskadiko Unicefeko komiteak haurren aurkako sexu-abusuen kontrako politika eta estrategia “integral eta intersektorialak” hartzeko eskatu du. Arazoa gero eta larriagoa da. Gainera, abusuak detektatzeko eta salatzeko zailtasun handiak daude. Arazoari aurre egiteko ezinbestekotzat jo dute “egoerak aurreikusi eta babesguenak eratzea”. Bide batez, “erantzun instituzional hobeak emateko bideak zabaldu” eta “prebentziorako ekintzak” ezarri behar direla esan du Elezgaraik.
Elsa Fuente koordinatzaileak gehitu du sexu-abusuena haurren eta nerabeen aurkako biolentzia forma gogorrenetakoa dela. Izan ere, horien eskubideak urratzeaz gainera, garapen fisikoan zein mentalean zuzeneko eragina dute.
Arazoa gero eta larriagoa dela adierazi dute Unicefeko ordezkariek: “Mundu mailan okerrera doa, gainera ez dago alderik herrialde aberats eta pobreen artean, ez eta landa-eremuen edo hiri-eremuen artean ere”.
Detekzioari dagokionez, Unicefetik esan dute haurrek eta nerabeek ez dutela jokaera-patroi jakin bat erakusten. Hala ere, badaude susmoa eragiten duten erakusleak, eta horiek detektatuz gero, autoritate eskudunei jakinarazi behar zaie.
Abusuen ondorioak “batzuetan berehalakoak izan arren, urteak pasatu eta gero ager daitezke”, adierazi du Unicefeko EAEko komiteak. Horrekin lotuta, delituak preskribatzeko epeak biktimak 30 urte bete eta gero hasi beharko lukeela uste dute.
Berriz ere biktima
Unicefetik adierazi dutenez, salaketa sistema bera ez da egokiena: haur bakoitzak, batez beste, lau aldiz deklaratzen du profesional ezberdinen aurrean. Prozesu honek haurra berriz biktimizatzen du eta kaltegarria da berarentzat.
Biktimei artatzea berandu iristea da
Komiteak gaineratu du biktimak artatzea berandu heltzea dela. Prebentzio-lanak “gune seguruak eta hezkuntza programak sortzea” izan behar du oinarrian, horien esanetan.