Gizartea
Ostegun gauean
Herritarren presioak Portugaleteko 94 urteko emakume baten etxetik atera ditu okupak
EiTB.EUS
Progreso kalean dago etxebizitza, bizkaitar hiribilduan. Igandean topatu zuen emakumeak familia bat bertan. Ostegun gauean, dozenaka herritarrek presioa egin dute, alde egin arte.
Portugaleteko 94 urteko emakume baten etxean zegoen familia okupa batek etxetik alde egin du ostegun gauean, dozenaka herritarrek egindako presioagatik.
Etxebizitza Progreso kalean dago. Jabea igandean bueltatu zen bertara, egun batzuk senide batzuekin eman ostean, eta barruan okupak topatu zituen; haiek kuter batekin mehatxatu zuten emakumea, joateko eskatu zienean.
Auzia azaroaren 20an zen ebaztekoa, auzitegietan, eta, horrek emakumea beste etxe batera joatera behartzen zuen, baina, ostegun arratsaldean, herritarren elkarretaratze baten ostean, jakinarazi zuten okupak emakumearen ondasun batzuk saltzen hasiak zirela, Portugaleteko azoka txikian. Elkarretaratuek, orduan, etxe aurrera joatea erabaki zuten, eta presioa egiten hasi ziren, okupak joan zitezen.
Azkenean, okupek alde egitea erabaki zuten, eta 94 urteko emakumea etxera bueltatu ahal izan zen.
Gerora, hiribilduko beste bi etxe okupatutara heldu zen protesta, Zubeldia Maisua eta Abatxolo kaleetara hain zuzen, eta okupak handik ere joan ziren. Ertzaintzak polizia-bulegoetara eraman zituen, eta eginbideak ireki zizkien, jabetza pribatuaren usurpazioaren delitu bat egotzita.