Itxi

Gizartea

PROTESTA

Euskararen dekretuaren kontrako epaia salatzeko elkarretaratzea deitu du Kontseiluak

EITB.EUS

Euskalgintzako hainbat eragilek babestuta,urriaren 19an Nafarroako Gobernuaren egoitzaren atarian egingo dute protesta, eguerdiko 12:00etan. "Ausardia" eskatu diorte Chiviteri.

  • Euskalgintzako hainbat eragile, gaur, Iruñean. Argazkia: Kontseilua.

    Euskalgintzako hainbat eragile, gaur, Iruñean. Argazkia: Kontseilua.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak euskararen dekretuaren aurka kaleratutako epaiak "justiziari, berdintasunari eta kohesioari muzin" egiten diola salatu du, gaur, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, eta mobilizaziorako deia egin du: urriaren 19an, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, eguerdiko 12:00etan deitu du Kontseiluak elkarretaratzea.

Xabi Martinez de Lezea (IKA), Begoña Muñoz (Nafarroako Ikastolen Elkartea), Agurne Gaubeka (Hizkuntzaren Behatokia) eta Xabi Garcia (AEK) alboan zituela, hedabideen aurrean agerraldia egin du Bilbaok, kaleratu berri den sententziaren inguruan Kontseiluak duen iritzia emateko. Horren hitzetan, egun indarrean dagoen Euskararen Legeak "ahalbidetu du halako epaia". "Duela urte bat Nafarroako Parlamentuko batzorde berezian jakinarazi genien alderdiei horrelakorik gerta zitekeela. Izan ere, herritarrei eskubideen aitortza desberdina egiten bazaie, zailagoa da instituzioei eskubideak bermatzeko neurriak exijitzea", nabarmendu du.

UGT sindikatuak eta Langile Administratiboen Sindikatuak jarritako salaketaren ondoren etorri da Nafarroako Auzitegiaren epaia, eta Kontseiluak bi zentral horien jarrera "ulertezina" dela nabarmendu du, "ikuspegi politikoa" nahastu dutelako afera honetan. "Epaileek beraiek ohartarazi diote ikuspegi juridikoaz haratago, ikuspegi eta arrazoinamendu politikoak erabili nahi izan dituztela. Izan ere, zein lotura dauka errotulazioa edo inprimakiak ele bietan egoteak langileen eskubideekin? Oso kezkagarria da garai ilunetako euskara ez ikusteko balizko eskubidea berpiztu izana", gaitzetsi du Bilbaok.

"Epai murritza izan arren", debekurik ez duela ezartzen gaineratu du Kontseiluko eledunak, eta "ausardia" eskatu dio Maria Chivitek zuzentzen duen Gobernuari. Beste garai bateko "hizkuntza-politika ilunetara" ez itzultzeko esan dio.

Agerraldian aurreratu dutenez , epaiaren eta Foru Gobernuak egingo dituen urratsen berri emango dio Kontseiluak Europako Kontseiluari. "Eurogutunak ezarritakoaren kontra doa eta bertako konpromisoak ez betetzea litzateke epaiaren irakurketa murritza egitea", azaldu du Bilbaok.