Itxi

Gizartea

Bilboko Udala

Sute simulakroa egingo dute arratsaldean Bilboko autobus geltoki berrian

eitb.eus

Sutea piztekotan kea erauzteko sistemak behar bezala ibiltzen direla egiaztatzeko bi proba egingo dituzte, gaur eta bihar, 19:00etatik 23:00ra.

  • Horrelakoa izango da autobus geltoki berria

    Horrelakoa izango da autobus geltoki berria

Bilboko Udalak sute simulakro bi egingo ditu gaur (osteguna) eta bihar hiriko geltoki intermodal berrian, 19:00etatik 23:00ra bitartean.

Geltoki intermodala martxan jarri aurretik hainbat segurtasun-proba egin beharko dituzte; esaterako, sutea piztekotan kea erauzteko sistemak behar bezala ibiltzen direla egiaztatzea.

Simulakroak egiteko ke lehorra eta kalterik eragiten ez duena erabiliko du Udalak. Ke horrek ez du zikintzen eta ez du usainik, baina baliteke inguruan ikusmina piztea geltokiko irteeretatik kea ateratzen dela ikustean.

Horregatik, Udalak lasaitasuna helarazi nahi die Basurtuko eta hiri osoko bizilagunei, egun bi horietan geltokian kea ikusi arren, normaltasunaren barruan dagoelako.

Geltoki berria

Lur azpiko geltoki intermodala egiten denean, autobusak lur gainetik kenduko dituzte eta Luis Briñas kaleak tokiko zirkulazioa bakarrik jasango du. Gainera, geltokiak sarbide optimizatuak edukiko ditu Gurtubay kaletik, eta horrek inguruan izango duen eragina minimizatuko du. Libre utziko dituen 7.500 metro koadroak plaza bat eraikitzeko erabiliko dira.