Itxi

Gizartea

IMMIGRAZIOA

'Aita Mari' ontziak Mediterraneora abiatzeko baimena eskuratu du azkenik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Itsas Laguntza Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen erreskate-ontziak Pasaiako portuan jarraitzen du.

  • Aita Mari erreskate ontzia Pasaiako portuan

    Aita Mari erreskate ontzia Pasaiako portuan. Artxiboko argazkia: EFE

Itsas Laguntza Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari erreskate-ontziak Espainiako Itsas Agintaritzaren baimena jaso du, Mediterraneo itsasoan laguntza humanitarioa eman ahal izateko. Erreskate-ontzi bihurtutako atunontzia asteazkenean abiatuko da Pasaiako (Gipuzkoa) portutik arropa, mantak eta higiene-materialarekin. Guztira, zazpi tona daramatza.

Iñigo Mijangos Itsas Laguntza Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak EFE albiste-agentziari azaldu dionez, atzo (asteazkena) jaso zuten Espainiako Itsas Agintaritzaren baimena Licatara (Sizilia) bidaiatzeko; eta handik Lesbos uhartera eramango dute laguntza.

Material humanitarioa urriaren 2an ontziratu zuten, eta prest daude bidaiari ekiteko. Gehienez, 15 tripulatzaile eramango dituzte: zazpi marinel, hainbat boluntario eta kazetariren bat.

Iñigo Mijangosen esanetan, "lasaitu ederra hartu dut baimena jaso dugunean", baina Espainiako Sustapen Ministerioak "neurri murriztaile handiak ezarri dizkigu", erantsi du; besteak beste, "Siziliarako bidea hartu beharko du, geldialdirik egin gabe".

Sustapen Ministerioren baimenaren arabera, bidean laguntza humanitarioa eman ahal izango dute soilik "itsasoaren erdian txaluparen bat aurkituz gero". 

Halaber, baimenean jasotako arauren bat urratuz gero, 900.000 euroko isuna ekar diezaiekeela jakinarazi du Mijangosek.

Horren harira, Itsas Laguntza Humanitarioa "oso arduratsua" izan dela eta legea bete duela azpimarratu du.