Itxi

Gizartea

Berdintasuna

Hondarribiko Udalak 'errespetuz' hartu du alarde tradizionaleko gazteen agiria

Agentziak | Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, "albiste ona da"; Arartekoak nabarmendu du "adierazten duela, argi eta garbi, gazteek zuzentzen duten gizarte-bilakaera".

  • Gazteen iritziz, emakumeek nahi bezala hartu beharko lukete parte. EiTBren bideo bateko argazkia.

    Gazteen iritziz, emakumeek nahi bezala hartu beharko lukete parte. EiTBren bideo bateko argazkia.

Hondarribiko Udalak "erabateko errespetua" agertu dio alarde tradizionaleko udalerriko hainbat gaztek sinatutako agiriari, bai eta gaia eztabaidatzeko plataforma bat sortzeko proposamenari; testuan, gazte horiek defendatzen dute emakumeek, hala nahiz izanez gero, eskubidea dutela alardean soldadu gisa desfilatzeko.

Ohar batean, Udalak adierazi du "orain arte bezala" jarraituko duela lanean, "Hondarribian bizikidetza hobea izateko"; izan ere, helburu horrek lehentasuna du Udalarentzat.

Gogora ekarri du, halaber, udal-talde guztiek testu bat adostu zutela irailaren 5ean; horren ildotik, "aurrerapausoak eman ditugu, hainbat eragilerekin batera, alardearen inguruan dagoen gatazkan, elkarrizketa sustatzeko". Udalak eskerrak eman dizkie eragile horiei guztiei, ahaleginengatik: "Udala osatzen dugun alderdi guztion iritziz, bide honi eutsi behar zaio", gehitu du.

Jaurlaritzak eta Arartekoak ontzat eman dute

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak nabarmendu du testua “albiste ona” dela, eta laguntza eman ahal duela alardearen ospakizunean "berdintasuna eta duintasuna" nagusitzeko.

Erkorekak txalotu du testua bultzatu dutenak gazteak izatea; izan ere, horiek izango dira alardearen protagonistak etorkizunean. "Zuzen emandako urratsa da", zehaztu du.

Arartekoaren esanetan ere, "positiboa" da; testuak, Arartekoaren iritziz, "argi eta garbi adierazten du gazteek zuzentzen duten gizarte-bilakaera; jai-bizikidetzako eredu baterantz goaz, eta horretan ezinbestekoa da emakumeen eta gizonen arteko erabateko berdintasuna".

"Aurreko urteotan egindako inkestek erakusten zuten Hondarribiko herritarrek akordioaren alde egin nahi zutela, bizikidetza baketsuaren alde, eta festa honetan gizonek eta emakumeek berdintasunean parte hartzearen alde", esan du, ohar bidez.

Azkenean, Arartekoak esan du espero duela "emakumeak alardean berdintasunean aritzea laster izatea errealitate normalizatu eta baketsua".