Gizartea
Hondarribia
Emakumeek nahi bezala desfilatzea defendatu dute alarde tradizionaleko hainbat gaztek
EiTB.EUS
Gatazka "hitz eginez" konpontzea eskatu dute alarde tradizionalaren sokakoak diren dozenaka gaztek.
-
Adierazpena sinatu duten hainbat gaztek aurpegia eman dute
Alarde tradizionalean parte hartu izan duten Hondarribiko dozenaka gaztek agiri bat zabaldu dute, bertako alardearen gatazka konpontzeko "elkarrizketa" eskatu eta emakumeek soldadu bezala desfilatzeko aukera izan dezaten defendatzeko; idazkian nabarmendu dutenez, "Hondarribiko emakume bakar batek alardean, modu batean zein bestean dela, parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa duela" iruditzen zaie. Halaber, festan guztion artean lan egitea eskatu dute, "XXI. mendeak eskatzen dituen aldaketak" bermatzeko.
Taldearen sortzaileen arabera, desfilean "parte hartzen dugun gazte multzo zabala gara", "kantinera izandakoez, alardean ateratzen garen gizonezkoez eta espaloietatik alardea ikusten eta animatzen dugun jende ezberdinez" osatutako kolektiboa. Jaia "modu osasuntsu batean" bizi izateko, haien helburua da jendaurrean hausnarketa zabaltzea; izan ere, taldearen iritziz, "gaur egungo errealitateak alardearen hondatzea eta kaltetzea besterik ez dakar" eta, ondorioz, haren etorkizuna kolokan jartzen da.
Hainbat hedabidetara igorritako idazkian, aipatutako gazteek azpimarratzen dute ez dutela ezagutu "istilurik gabeko alarderik"; dena dela, tentsioak hasi ziren lehen urteak bizi ez zituztenez, elkar ulertzeko aukerak "handiak" direlakoan daude.
"Argi dago gaur egungo alardea mendeetan zehar emandako aldaketa askoren emaitza dela", diote gazteek, "eta etengabeko aldaketa horri esker eutsi diogula gaur egun arte". Hala, "alardearen etorkizuna ziurtatu nahi badugu", gatazkari amaiera emateko modu bakarra da "bakoitzak bere aukera modu askean egitea".
Bada garaia "guztion artean etorkizunera begiratzen duen konponbide bat aurkitzeko", diote taldearen sortzaileek; egun horrek merezi duen duintasuna ziurtatuta, festa "osotasunean eta sakontasunean" bizi nahi dute.
Bi hamarkada luzeko gatazka
Hondarribian bi alarde daude: tradizionala eta Jaizkibel konpainiarena. Lehendabizikoan, emakumeak kantinera soilik izan daitezke. Bigarren kasuan, emakumeak soldadu gisa joan daitezke desfilean.
Gatazka duela 20 urte baino gehiago sortu zen. Harrezkero desfileetan tentsioa izan da nagusi. Jaizkibel konpainiak emakumearen integrazioa bilatzen du, eta urtero alarde tradizionalaren aldeko bizilagunen protesta zein irain artean desfilatu behar izan dute.
Alabaina, aurten konponbidearen aldeko urratsak ere izan dira. Horren erakusgarri da Alarde Fundazioak eta Jaizkibel konpainiak bitartekari baten laguntzarekin elkarrizketa-prozesu bat abiatzeko ados jarri izana.
Ildo beretik iritsi da gaur alarde tradizionaleko hainbat gaztek emakumearen parte-hartzearen alde publikoki aurkeztu duten adierazpena.