Itxi

Gizartea

Gasteiz

Hiru ertzaingairi espedientea ireki diete Gasteizen balinekin tiro egitegatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Hirurak Zaramagako etxebizitza batean bizi dira eta balin-pistola batekin balkoitik farola baten aurka tiroka ibili ziren igandean.

Hiru ertzaingaiari espedientea ireki diete Gasteizen balin-pistola batekin tiro egiteagatik, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Gertakariak joan den igandean, 21:10 inguruan jazo ziren. Hiru lagunak Zaramagako etxebizitza batean bizi dira eta balkoitik kalera, farola baten aurka, pistola batekin balinak jaurtitzen ibili ziren.

Tiro hotsak entzunda, auzokide batek Ertzaintza ohartarazi zuen. Berehala bertaratu ziren eta tiroak etxe batetik egin zirela egiaztatu ostean, etxebizitza horretako hiru lagunak identifikatu zituen.

Hirurak Ertzaintzako 28. promozioko ikasleak dira. Irailean hasi zuten ikasturtea.

Ertzaintzak espedientea ireki die. Oraingoz ez dute erabakirik hartu, baina aukerak bi omen dira: isuna jartzea edo Ertzaintzaren Akademiatik botatzea.