Gizartea
NAFARROA
Alderdiak zatituta daude euskararen balorazioaren epaiagatik
AGENTZIAK
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak uko egin dio epaiaren inguruko iritzia emateari.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du euskararen foru dekretuan euskara meritutzat hartu beharra ezartzen zuen zatia, bete beharreko profila eskatzen ez duten lanpostuetan, eremu mistoan, ez-euskaldunean eta foru erkidegoaren Administrazioko zerbitzu zentraletako lanpostuetan, oposizio-lehiaketa bidez betetako postuei dagokienez. Kasazio-errekurtsoa soilik jar dakioke epaiari.
Egoeraren aurrean, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak uko egin dio epaiaren inguruko iritzia emateari.
LABen arabera, Nafarroako Administrazio Publikoan ordezkaritza gehien duen sindikatua, erabakia "onartezina" da.
"Foru Gobernuak berehala obeditu eta bete behar du euskararen inguruko epaia", adierazi du Navarra Sumak. Alderdiak "poztasunez" jaso du erabakia eta "makilakada" bat dela adierazi du lehenagoko hizkuntza politikarentzat.
Aldiz, Geroa Baik "albiste txarra" dela uste du eta hartan "atzerriko edozein hizkuntzak Nafarroako euskarak baino balio handiagoa izatea" deitoratu du. Gainera, "euskarak beste hizkuntzek bezala ez puntuatzea irrazionala da", nabarmendu du Uxue Barkosek, eta legeak herritarren eskubideak mugatzen dituela eta euskara alde batera uzten duela adierazi du.
Horren harira, EH Bilduk "tinko" salatu du tribunalaren erabakia. Haien ustez, "Nafarroako euskaldunen hizkuntza eskubideen beste ukapen eta zapalketa bat da".
Podemos Ahal Duguk ere ez du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia partekatzen. Ainhoa Aznarez bozeramailearen arabera, "barregarria da ingelesa eta alemana bezalako hizkuntzak baloratzea eta alde batera uztea gure ondare kulturaleko altxorrik handienetakoa".
Izquierda-Ezkerrak euskararen dekretua babestu du, "adostasun politiko eta sindikalaren fruitua" izateagatik. Gainera, "orekatua, arrazionala eta errealitate soziolinguistikoarekiko proportzionala" dela adierazi du. Hori dela eta, errekurtsoaren aurkezpena babestuko du epaiaren aurka.
Azkenik, PSNko Ramon Alzorriz idazkariak epaiak alderdiaren jarrera berresten duela adierazi du, euskararen foru dekretua "diskriminatzailea eta errealitate soziolinguistikoaren kontrakoa" baitzen.