Itxi

Gizartea

Fridays for future

Gazteriak gidatu du klima-aldaketaren aurkako lehen mundu greba

agentziak | erredakzioa

Euskal Herriko hiriburuetan manifestazio jendetsuak egin dira, klima larrialdiari erantzuteko premiazko neurriak eskatzeko. Mundu osoan izan dira protestak.

1:36
Manifestazioa Bilbon. Argazkia: EiTB

Klimaren aldeko Mundu Greba burutu da ostiral honetan, gobernuei larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzeko. Grebak klimaren aldeko asteari eman dio amaiera, eta milaka elkarretaratze eta manifestazio egin dira mundu osoan, baita Euskal Herrian ere. Guztira, 114 herrialdetako 1.500 bat hiritan izan dira mobilizazioak.

Euskal Herrian, dozenaka gizarte-eragilek, sindikatuk, alderdi politikok eta erakundek egin dute bat klimaren aldeko mobilizazioekin. Greta Thunberg gazte suediarra eta beste 50 bat ekologista gazte izan ziren mundu mailako greba deitu zutenak larrialdi klimatikoaren aurrean irtenbideak eskatzeko, eta Fridays for Future mugimenduak bere egin du protesta ekitaldia.

Euskal hiriburuetan, Larrialdi Klimatikoaren aurkako Aliantzak eta ekologista talde eta sindikatu batzuek antolatu dituzte ekitaldiak egun osorako.

Hala, Bilbon bi mila ikasle inguru bildu dira udaletxearen aurrean, 11:00etan, eta manifestazioa egingo dute Abandoibarran, 19:00etan.

Larrialdi Klimatikoaren Aliantzako kideek hedabideei azaldu dietenez, "larrialdi klimatikoan murgilduta gaude"; horren ondorioz, "etorkizun errealista baten testuinguruan neurri errealak eta eraginkorrak behar ditugu", 2040 eta 2050 urteetan abian jarritako neurriek ez dute "inolako eraginik" izango. "Gure etorkizunagatik beldur gara, hartu ditzatela neurriak behingoz", esan dute.

Laura Luengo Bizkaiko Ikasleen Sindikatuko bozeramailearen esanetan, "erabateko hondamendi ekologiko bati aurre egin behar diogu", eta hondamendi horrek "izen-abizenak ditu: multinazionaletako jabeak eta politikariak, besteak beste". Horrenbestez, "sistema gure planeta suntsitzen ari dela" esan du.

BIDEOA | Klima aldaketaren aurkako protestek erantzun zabala izan dute euskal hiriburuetan


Gasteizen, berriz, 12:00etan egin dute elkarretaratzea, Plaza Berrian. Donostian, ordu berean, Boulevard zumardian elkartu dira. Javier Bardem aktorea bertan bildutakoei batu zaie. Arratsaldean, manifestazio jendetsua egin dute Gipuzkoako hiriburuko Alderdi Ederretik abiatuta.

Iruñean, ehunka gazte bildu dira Udaletxeko plazan, klima larrialdiari erantzuteko premiazko neurriak exijitzeko.

Elkarretaratzea hasi aurretik, bozeramaile batek hitza hartu du eta klima-aldaketaren kontrako borroka norbanakoengandik hasten dela azpimarratu du. Ildo horretan, birziklatzeko, autoa ez erabiltzeko eta ingurukoak kontzientziatzeko dei egin du.

Bestalde, bi pertsona Castejongo zentral termikoko tximiniara igo dira eta instalazio horren kontrako eta AHTren aurkako pankarta bana eskegi dituzte. Guardia Zibilak bi ekintzaileak atxilotu ditu, desordena publikoak eragitea egotzita. Halaber, beste zazpi lagun identifikatu ditu.

BIDEOA | Euskal ikasle gehienek klimaren alde deitutako mobilizazioekin bat egin dute goizean


CC. OO. sindikatuak, ostera, elkarretaratzeak egin ditu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko egoitzen aurrean, klima aldaketaren kontrako neurriak eskatzeko eta "bidezko trantsizioa" aldarrikatzeko.
UGTren Bilboko egoitzaren aurrean ere dozenaka lagun elkartu dira.

LAB sindikatuak, bere aldetik, bi orduko lanuztea egin du (11:00etatik 13:00etara). Tarte horretan, LABeko egoitzak itxi dituzte.

BIDEOA | Javier Bardem Donostiako ikasleekin izan da, klimaren aldeko manifestazioan

Klima aldaketak haurrak kolpatzen ditu gogorren

Grebaren harira, Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du klima aldaketaren eraginez gertatzen diren bost heriotza, gaixotasun edo lesioetatik lau haurrek pairatzen dute. 

Erakundearen arabera, klima aldaketak bortitzen kolpatzen dituen 10 herrialdeetan 600 milioi ume bizi dira. Save The Childrenek klima aldaketaren ondorio behinenak zerrendatu ditu. Hala nola, kutsadurak umetoki barneko hazkundea atzeratzen du eta jaiotzean pisu txikiarekin du lotura; horrek guztiak garapen kognitiboa txikitzen du.

Lehorteek elikagai eskasia dakarte, eta horiekin, desnutrizioa, malnutrizioa edota behartutako migrazioak areagotzen dira. Uholdeen eraginez, edateko uraren hornidura zaildu egiten da, eta malaria edo beherakoa areagotzen dira. Tifoiek, ekaitz tropikalek eta zikloiek eskolak, ospitaleak eta etxebizitzak suntsitzen dituzte, eta hortaz, umeak eta euren familiak arrisku bizian geratzen dira.

BIDEOA | Mundu osoan entzun da larrialdi klimatikoari aurre egitea eskatu duten gazteen ahotsa