Itxi

Gizartea

Irailaren 27an

Bizkaiko hainbat elkartek bat egin dute klima aldaketaren kontrako grebarekin

Agentziak | Erredakzioa

Hainbat talde ekologistek eta sindikatuk osatzen duten Larrialdi Klimatikoaren aldeko Bizkaiko Aliantzak egoeraren larritasuna ohartarazi du eta herritarrei lanuztearekin bat egiteko eskatu die.

1:12
Irailaren 27an klima aldaketari aurre egiteko nazioarteko greba orokorra deitu dute

Larrialdi Klimatikoaren aldeko Bizkaiko Aliantzak bat egin du irailaren 27an mundu osoan deituta dagoen klima aldaketaren kontrako greba orokorrarekin.

Bizkaiko 20 bat talde ekologistek (Greenpeace Euskadi, Ekologistak Martxan, Eguzki, esaterako) eta hainbat sindikatuk (ELA, LAB, CCOO, ESK edo Steilas) osatzen dute Aliantza.

Espainiako Estatuan 100 elkarte baino gehiagok egin dute bat grebarekin. EAEn, ESK eta Steilas sindikatuek erregistratuko dute greba deialdia.

Aliantzako kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon deialdiaren berri emateko. Argudiatu dutenez, klima "larrialdi egoeran" dago, "neurrigabekoa eta desegokia den ekoizpen eta kontsumo-eredu baten ondorioz". Taldeon ustez, "eredu horrek arriskuan jartzen ditu bai gure biziraupena, bai landare eta animalia espezie ugarirena ere eta inpaktu suntsitzailea izango du munduko biztanle ahul eta pobreengan". 

Horri aurre egiteko neurriak hartzeko eskatu diete erakunde publikoei. "Gure bizitza konprometituko ez duen beste eredu sozioekologiko bat eta ekoizpen-eredu bat eskatzen dugu: justizia soziala ziurtatzeaz gain, beharrezkoa duguna soilik ekoizten duena eta bertako produktuak bultzatzen dituena".

Aliantzak, Fridays For Future mugimenduarekin batera, grebaren atariko Bilboko Klimaren Aldeko Astea (irailaren 20tik 27ra) antolatu du, egitarau zabal batekin.

Ostiral honetan bertan abiatuko dira jarduerak, ikasleen mundu grebarekin. Martxa isila antolatu dute, 18:00etatik aurrera, Bilboko hiru tokitatik (Santutxu, Deustu eta Jesusen Bihotza plaza) hasita. Martxa Bilboko udaletxean amaituko da, ordubete geroago. Larunbatean, hilaren 21ean, Arrigunagako (Getxo) hondartza garbituko dute.

Greba orokorraren eguna, hilaren 27a, kontzentrazio batekin abiatuko dute (Bilboko Udaletxean). Arratsaldean manifestazioa deitu dute (19:00etan, Guggenheim parean).