Gizartea
NAFARROA
Pilar Mayo Skolae hezkidetza programako koordinatzailea kargugabetu dute
EUSKADI IRRATIA
Albistearen berri izan ostean, Marian Moreno hezkidetza programaren egileetako batek Skolae utzi du.
Nafarroan, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak Pilar Mao Skolae hezkidetza programako koordinatzailea kargugabetu du, gutun bidez eta inolako azalpenik eman gabe, Euskadi Irratiak berri eman duenez. Albistearen berri izan orduko, Marian Moreno hezkidetza programaren egileetako batek Skolae utzi du, "programa nola aldatzen duten" ez duela ikusi nahi argudiatuta.
Nafarroako Gobernuak duela bi ikasturte jarri zuen martxan Skolae programa eta denbora horretan 2.300 irakasle eta 17.600 ikasle trebatu dira hezkidetzan, 116 ikastetxetan. Aurreikuspenak betetzen badira, ikasturte honetan beste 100 ikastetxeetara zabalduko da. Hala ere, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak irakasleen formakuntza plana berrikustea erabaki du.
Talde berri batek proposamenak egiteko duen eskubidea errespetatzen du Skolae programaren sustatzaileetako bat eta koordinatzaile nagusi den Pilar Mayok, baina ez kontseilari berriak erabilitako modua: "Ezin da pertsona bat gutun bidez kargugabetu egunero ikusten ari zarenean, hori tratu txar modu bat da eta tratu ona emateko modua ere bada hezkidetza".
Mayoren kargugabetzea ezagutu eta berehala Hezkidetza planaren egileetako bat den Marian Morenok Skolae uzteko erabakiaren berri eman die programako gainerako 32 tutoreei.
Morenok programaren etorkizuna arriskuan ikusten du: " Hainbat hezkuntza administraziok berdintasuna itxura egiteko erabiltzen dute, besterik ez. Skolae programa oso konplexua da; antolaketa zailtasunak ditu, jende, ordu eta lan asko du atzetik eta duda egiten dut aurreko bi urtetan egindako eraginkortasun berarekin egin ahalko duten".
PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak sinatutako gobernu akordioaren baitan, Skolae programaren hedapenarekin jarraitzea adostu zuten.