Gizartea
Zientzia
Horrelakoa izan zen dinosauroen azken eguna
Agentziak | Erredakzioa
Hamar kilometroko asteroide batek Lurraren aurka talka egin eta bosgarren desagertze masiboa eragin zuen unea berreraiki dute ikerketa batean.
-
Dinosaurio bat. Ilustrazioa: Enrique López / Pixabay
Duela 65 milioi urte, hamar kilometroko haitz erraldoi batek Lurraren kontra jo zuen, eta bosgarren desagertze masiboa eragin zuen. Hala jakinarazi du Pnas aldizkariak, dinosauroen azken egunaren inguruan argitaratu duen ikerketa batean. Ugaztunek menperatutako aro berri baten lehen eguna izan zen hura.
Texasko Unibertsitateko Geofisika Institutuko zientzialariek (Amerikako Estatu Batuak) burutu dute ikerketa, inpaktuaren "zero gunetik" ateratako harkaitz-laginen azterketa oinarri hartuz. Dinosaurioen desagerpena eragin zuen talka Mexiko hego-ekialdean jazo zen, Yucatan penintsulako Chicxulub kraterrean, hain zuzen ere.
Astrobiologia Zentroko ikertzaileek (CSIC-INTA) parte hartu duten azterlan honek, asteroidearen inpaktuak sortutako prozesu geologiko, kimiko eta biologikoak berreraikitzen ditu. Lurraren gainera erori zen asteroideak Hiroshimakoa bezalako hamar mila milioi bonba atomikoren baliokidea den potentzia izan zuen.
Hasiera batean, leherketak milaka kilometrotan zegoen landaredia kiskali zuen. Ondoren, eztanda handi horrek tsunami erraldoi bat eragin zuen, eta sedimentuak Ipar Amerikaraino -2.000 kilometrora baino gehiago- eraman zituen. Alabaina, okerrena ondoren etorri zen.
Talkak atmosferara hainbeste sufre askatu zuenez, eguzkiaren argia blokeatu zuen, eta mundu osoan hoztasuna eragin zuen. Horrek dinosauroak desagerrarazi zituen, eta planetaren biziaren % 75arekin amaitu zuen.
“Asteroidearen talka iraupen laburreko tokiko infernua izan zen”, baina, jarraian, hozte globaleko aldi luze bat etorri zen: dinosauro gehienak "lehenbizi kiskali eta gero izoztu egin ziren", nahiz eta "guztiak ez ziren egun horretan hil", Sean Gulick Texasko Unibertsitateko Geofisika Institutuko ikerketa irakasle eta azterketaren egile nagusiak azaldu duenez.
Jens Ormö Astrobiologia Zentroko ikertzaileak eta azterketaren egileak laginak aztertu zituen, inpaktuaren lekuan agertutako materiala nola garraiatu eta pilatu zen aztertzeko -eta kasu batzuetan, baita horren jatorria ere-. Izan ere, kraterrak jariatzen zuen ur kopurua ulertzeko funtsezkoa zen, baita hori bete zenean gertatu ziren prozesuak ulertzeko ere.
“Sedimentuek energia garraio izugarriak izan zirela erakusten dute, Lurrean izan diren eta ezagunak diren beste uholde katastrofikoetan baino askoz handiagoak. Ura, dentsitate handikoa eta hondakinez betea, urakanetan haizeak hartzen duen abiadurarekin mugitzen zen”, zehaztu du Ormök.
Hala ere, ikerketak egindako aurkikuntza garrantzitsuena sufrearekin lotuta dago. Aipaturiko elementu kimikoak eragin zuen hotzaldi globala eta klima aldaketa, desagertzearen eragile nagusia izan zena, “benetako hiltzailea”, Gulicken arabera.
Arroka laginek erakutsi dutenez, asteroidearen talkak sufrean aberatsak ziren 325.000 milioi tona mineral lurrun bihurtzea eragin zuen, eguzkiaren argia opaku bihurtzeko eta Lurra drastikoki hozteko modukoa.
Ormören esanetan, “lehen une horietan jalkitako sedimentu horietatik ondorioztatu dezakegu nolakoa izan zen ugaztunak eta giza espeziea nagusi diren aro berri horretako lehen eguna. Gizakiak, ozeanoen eta atmosferaren kutsadura tarteko, seigarren eta azken desagertzea abiatu du. Agian oraindik garaiz gaude iraganetik ikasteko”.
Asteroidearen inpaktuaren ilustrazioa. Irudia: NASA/Don Davis