Gizartea
Getxon
Mediterraneoa zeharkatu nahian itotako migratzaileak gogoratu dituzte Getxon
Agentziak | Erredakzioa
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak gerretatik ihes egiten dutela gogorarazi dute, eta guda horiek "oso gureak" direla salatu dute. Heriotza horiek "gure erantzukizuna" direla esan dute.
-
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren ekintza, Getxoko Ereaga hondartzan. Irudia: EiTB
Abuztura arte 859 pertsona hil dira itota Mediterraneoa zeharkatu nahian, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak migrazio politikak salatzeko Ereaga hondartzan (Getxo) egindako protesta berezian emandako datuen arabera.
Bertan esan dutenez, itsasoan itotzeko arriskuan dauden pertsona guztiak erreskatatzea "betebeharra da, ez soilik gizatasunagatik, baita nazioarteko zuzenbidean jasota dagoelako ere".
Itsasoan beste inor ez hiltzeko aldarrikatu dute manifestazio batean, eta Mediterraneo itsasoan hil diren migratzaile guztiak gogoratu, eta Europar Batasuneko migrazio politika giza eskubideekin bat etortzeko eta ihes egiten dutenak eta erreskatatzen dituztenak ez kriminalizatzeko eskatu dute.
"Beste urte batez, itsasoak itzultzen diguna gurea dela esaten dugu. Horiek dira itotako pertsonen gorpuak, gure erantzukizuna direna, laguntza ez emateagatik edo lege kriminalen kontra pasibotasuna izateagatik", esan dute.
Manifestazioa Algortako Portu Zaharrean bukatu da, eta "udalerri honetan gerrarako osagaiak fabrikatzen dituen enpresa batek du egoitza", salatu dute. Beraz, "gerra horiek oso gureak dira", gaineratu dute.