Itxi

Gizartea

Irailaren 5ean eta 6an

Espainiako Itzuliak hainbat gorabehera eragingo ditu Bizkaiko errepideetan

eitb.eus

Txirrindulariak Otxandiotik iritsiko dira Bizkaira, eta Bilbon amaituko da etapa. Ostiralean, Bizkaiko errepideetatik Lanestosaraino igaroko da.

  • 2011ko Espainiako Itzulia, Urkiolatik.

    2011ko Espainiako Itzulia, Urkiolatik. Artxiboko argazkia: EiTB

Gaur-biharretan 2019ko Espainiako Itzuliaren bi etapa igaroko dira Bizkaitik, eta, hori dela eta, Ertzaintzak dispositibo berezia jarri du abian, probaren eta, oro har, trafikoaren segurtasuna bermatzeko.

Gaur, osteguna, 12. etapa egingo da. Txirrindulariak Otxandiotik iritsiko dira Bizkaira, eta Bilbon amaituko da etapa. Hala, 15:45etik 16:45era bitartean, Arratia aldeko zirkulazioan izango du eragina etapak, batez ere N-240 errepidean, Lemoako eta Bediako herriguneetan, Urgoitiko bidegurutzeraino (N-634).

AP-8an ere izango du eragina proba honek, Usansolorako irteeran, Galdakaoko Ospitalerako sarbidean. Dena dela, larrialdietarako zerbitzuei joan-etorriak egiten utziko dizkiete, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

16:00etatik 17:15era Erletxetako bidegurutzean etengo da trafikoa, bai eta Larrabetzun, Gamiz-Fikan eta Lezaman ere. Txorierriko igarobideari (N-637) dagokionez, Larrabetzuko irteerak itxita egingo dira Barakaldo-Erletxeta norabidean (14:30etik 17:00etara) eta AP-8-Barakaldo norabidean (12:00etatik 17:40ra).

Alabaina, baliteke errepideak goizeko lehen orduetatik itxi behar izatea, errepideak ixteaz arduratuko diren taldeen lanaren eta trafikoa seinaleztatzeko programazioaren arabera, Trafiko Zuzendaritzak nabarmendu duenez.

Bihar, ostirala, 13. etapa Bilbon hasiko da, San Mamesen. Bizkaiko errepideetatik, Lanestosaraino joango da, eta, hortik, Kantabriarantz zuzenduko da. Hala, 11:00etatik 13:30era A-8tik Bilbora sartzeko errepideetan izango du eragina etapak, eta San Mameseko tuneletako sarbideak itxita egongo dira, Torres Quevedorako norabidean, bai eta Bilbora Zorrotza eta Basurtu arteko errepidetik (N-634) sartzeko bidea ere.

Gainera, 12:30etik 13:30era itxi eta seinaleztatu egingo dira BI-636 errepidearen (Cadaguako korridorea) eta BI-3651 errepidearen (Zorrotza-Balmaseda) arteko sarrera-irteerak Bilbo eta Zalla artean.

Lasterketaren eragina Bilbon

Errepide bidezko trafikoan eragin nagusia gaur izango da, Bilbon, 15:30etik 18:30era. Tarte horretan, itxi egingo dira A-8tik, San Mameseko tuneletatik, eta Torres Quevedorako norabidean, Bizkaiko hiriburura sartzeko bideak, bi noranzkoetan eta Donostia nahiz Santander aldetik datozen ibilgailuentzat.

Errepidea ixteak Cadaguako korridoretik (BI-636) iritsiko diren ibilgailuei ere eragingo die. Sartzeko eta irteteko beste bideak honako hauek izango dira: Juan de Garay eta Miribilla; Bolueta-Begoña (N-634 errepideko trafikoarentzat), Ibarsusi bidegurutzea, eta Deustu (Artxandako tuneletatik).

Espainiako Itzulia iristen den orduan, N-634 errepidetik Bilbora sartzeko bidea itxita egongo da Zorrotza eta Basurtu artean, eta Basurtuko ospitalera doazen larrialdietako zerbitzuei bakarrik utziko zaie pasatzen. Termibus autobus-geltokiko sarrera-irteeretan ere izango du eragina etapak. Agirleta edo Santo Domingo gainetik Artxandara sartzeko bidea (BI-631) 12:00etan itxiko da.

Enekuritik Bilbora ezingo da sartu Arrontegi-Getxo-Asuatik eta Txorierriko igarobidetik datorren trafikoa, bidea itxita egongo baita trafikoarentzat 15:30etik txirrindulariak igaro arte. Enekuri gainetik Artxandarako bidea 12:00etatik egongo da itxita Deustutik iristen diren ibilgailuentzat.

Artxandako tuneletan, Bilbora sartzeko, ez da bidesaririk ordaindu beharko 15:30etik 18:30era bitartean.