Gizartea
MIGRAZIOA
Aita Mari ontzia ez da Mediterraneora abiatu, baimenaren zain dagoelako oraindik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Itsas Kapitaintzak datorren ostiralean ikuskatuko du ontzia eta haren oniritzia jaso arte ezin izango da itsasoratu.
-
Aita Mari erreskate ontzia. Argazkia: EFE.
Aita Mari ezizenez ezaguna den erreskate ontzi bihurtutako atunketariak gaurko irteera bertan behera utzi du, oraindik ez dituelako baimenak jaso. Itsasontzia Pasaiako portuan dago orain.
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak ostiralean iragarri zuenez, Mediterraneora abiatzeko datarik ez zeukaten, legea betetzearen aldekoak diren ontziaren arduradunek ez zutelako erakundeen baimena eskuratu.
Iñigo Mijangos erakundearen presidentearen esanetan, abuztuaren 30an Itsas Kapitaintzak egingo duen inspekzioa gainditzearen zain dago ontzia, 24 edo 48 ordu ostean, nabigazio despatxua eskatu ahal izateko, hau da, itsas Administrazioak ontziak legedia betetzen duen egiaztatzeko.
Mijangos azaldu duenez, ontzian egindako obrei buruzko informazio zehatza zein horietan erabilitako materialei buruzko datuak eskatu dizkiete. Presidentearen esanetan, baldintza "zorrotz" horiek Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundea dela eta ezarri dituzte. Open Armsek Espainiako Gobernuko zigorrak jaso dezake, duela aste batzuk Mediterraneoan 160 pertsona immigrante erreskatatzeagatik.