Gizartea
Aldaketak
Zaintza kontrolak zorroztu dituzte Aragoiko Pirinioetako mugan G7aren goi-bileragatik
Agentziak | Erredakzioa
Somport eta Portaleteko errepideak kamioientzat irekita egongo badira ere, bide horietan “gertakari garrantzitsuren bat" jazoko balitz, mugatuta geratuko litzateke zirkulazioa garraiolarientzat.
-
Guardia Zibilak zaintza kontrolak zorroztu ditu. Argazkia: Guardia Zibila
Aragoiko Pirinioetatik Frantziarako bidean dagoen mugako pasabideetan zaintza kontrolak zorroztu dituzte Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, datorren astean Biarritzen egingo duten G7aren goi-bilera dela eta.
Ostegun honetan jakitera eman dutenez, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan ez ezik, gainerako pasabideetan ere Frantziako jendarmeriarekin koordinatuko dira Espainiako Polizia eta Guardia Zibila, Biarritzeko sarbideetan kontrola bermatzeko asmoz. Horrenbestez, edozein neurri hartuta ere, auto-ilara luzeak egongo direla ohartarazi dute.
Espainiako Poliziari dagokionez, zaintza operatibo horretako koordinazio lanak Canfranc udalerriko (Huesca) Polizia-Lankidetza eta Aduana Zentroan (CCPA) egingo dituzte, eta atzerritartasun eta segurtasun kontrolen ardura izango dute bertan, besteak beste.
Bestalde, Guardia Zibilak azaldu du Pirinioetako mugan dauden hiru pasabideen (Somport, Portalet eta Bielsa) bi aldeetan Frantziako Jendarmeriarekin koordinatuta jardungo duela.
Gauzak horrela, Guardia Zibilak zirkulazio kontrolak ezarriko ditu Somport eta Portaleteko pasabideetan. Izan ere, abuztuaren 24tik 26ra bitartean, alegia, zazpi herrialdeetako estatuburuak Biarritzen bilduko diren bitartean, horiek izango dira merkantzia-garraioek erabili ahal izango dituzten pasabideak, Euskal Autonomia Erkidegoan (Irunen) ibilgailu astunen trafikorako murrizketak ezarri ostean.
Astelehen honetarako aurreikusita dauden murrizketen artean, 11:00etatik 18:00etara, Irunetik Frantziara joatea debekatuta izango dute ibilgailu astunek. Horren ordez, kamioiek Somport eta Portalet arteko pasabideak erabili ahal izango dituzte.
Guardia Zibilak jakinarazi duenez, A-23 eta N-330 errepideak (Somport) eta N-260 eta A-136 (Portalet) errepideak kamioientzat irekita egongo badira ere, bide horietan “gertakari garrantzitsuren bat" jazoko balitz, zirkulazioa mugatuko liekete garraiolariei.
Testuinguru horretan, ibilbidea hasi aurretik, Frantziako sarbideen informazioa kontsultatzeko aholkatu die Guardia Zibilak auto-gidariei, eta, bereziki, garraiolariei.
Gainera, Huesca eta Frantziaren arteko mugaren hedadura (200 kilometro inguru) dela eta, Guardia Zibilak identifikazio kontrol ugari ezarri ditu Somport, Portalet eta Bielsako pasabideetara iristeko bidean dauden errepideetan.
Guardia Zibilak esan duenez, goi-bileraren segurtasuna bermatzeko egin beharreko zerbitzu espezifikoetan unitate eta espezialitate ezberdinetako langileek parte hartuko dute.