Gizartea
MIGRAZIOA
Urkullu gaur eta bihar Vatikanoan, errefuxiatuei buruzko plana aurkezteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jaurlaritzaren ordezkaritza Erroman izango da gaur eta bihar, Europako hainbat gobernuk izenpetutako 'Share Proposamena' Aita Santuak ezagut dezan.
-
Iñigo Urkullu Pietro Parolin kardinalarekin 2017an, Erroman. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzarekin batera Vatikanoan izango da gaur eta bihar, Europako hainbat gobernuk izenpetutako Share Proposamena aurkezteko. Ekimen horrek egoera zaurgarrienean dauden pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen errealitateari erantzunkidetasunez erantzungo dio.
Erroman egingo duen bisita ofizialean, Iñigo Urkullu Frantzisko aita santuaren audientzian izango da.
Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planeko jarduera-ardatz nagusiak aztertzeko, 2017ko urtarrilean ere elkartu zen Pietro Parolin kardinalarekin egongo da, gainera.
Pietro Parolin Aita Santuaren laguntzaile nagusia da Elizaren gobernuan, baita Egoitza Santuko jarduera diplomatikoaren eta politikaren arduraduna ere.
Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Bakegintza eta Jonan Fernandez Bizikidetzarako idazkari nagusiak osatuko dute.
Share Proposamena
Errealitate zailenen aurrean erantzukizuna banatzeko konpromisoa hartzea proposatzen du ekimenak.
Errefuxiatuak eta asilo-eskatzaileak; larrialdiko, zaurgarritasuneko edo aglomerazioko testuingurutan, migratzaile ekonomikoak; eta bakarrik migratzen duten adingabeak edo gazteak programa horren barne daude.
Ahalegina banatzeko formula hori hiru parametrotan oinarritzen da: zerga bidezko diru-sarrerak (batez besteko errenta edo BPG), % 50eko eraginarekin; biztanleria, % 30eko eraginarekin; eta langabezia-tasa, % 20ko eraginarekin.
Europan migrazio politika koordinatua sustatzea da helburua, ondorengo hiru esparrutan: EBko estatuen artean, Estatu bakoitzaren eskualdeen edo Autonomia Erkidegoen artean, eta Autonomia Erkidego edo eskualde bakoitzaren udalerrien eta eskualdeen artean.
Ekimenaren aurrekariak
Eusko Jaurlaritzak Share Proposamena 2018ko irailaren 19an aurkeztu zuen lehendabizi. Ordutik, zenbait lan-bilera egin dituzte Espainian eta Europako eskualdeekin. Orain arte, Kanarietako, Nafarroako, Kataluniako, Melillako, Euskal Hirigune Elkargoko, Atticako, Akitania Berriko eta Euskadiko gobernuek parte hartu dute.
Euskadin, migrazioari buruzko beste hainbat ekimen sustatu dituzte, besteak beste, korridore humanitarioen proposamena. Hori babes komunitarioari buruzko proiektu pilotua da eta, horretan, Acnur, Cear-Euskadi, Gurutze Gorria, Caritas eta Servicio Jesuita al Refugiado, besteak beste, aritu dira.