Gizartea
Migrazioa
Carmen Calvok: Open Armsek ez zuen erreskateak egiteko baimenik, legea bete behar du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordearen esanetan, 300.000 eta 901.000 euro arteko zorra ezarri ahal diote itsasontziari.
-
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordea. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Italiako Fiskaltzak atzo atxikitako Open Arms itsasontziak pertsona imigranteak erreskatatzeko baimenik ez zuela eta, ondorioz, legea bete behar duela esan du Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak.
Pertsona imigranteen erreskateak direla eta, gehienez jota, ontziak 901.000 euroko multa jaso ahal duela adierazi du. Atzo gauean, Open Arms ontzian gelditzen ziren 83 imigranteak lehorreratu dituzte Lampedusa uhartean, Italiako Fiskaltzak aginduta.
Gobernuko jarduneko presidenteordearen esanetan, Open Arms "ez zegoen Espainako portu batera, Baleareseko portu batera, bidaiatzeko moduan" eta, erreskateak egiten jarraituz gero, 300.000 eta 901.000 euro arteko zorra ezarri ahal diote gobernuz kanpoko erakundeari.
"Erakundeek, botereek eta herritarrek, guztiok bete behar ditugu legeak", nabarmendu du Calvok. "Legea ez ezagutzea ez da legea ez betetzeko aitzakia", azaldu du.
Giza lehentasuna
Calvoren arabera, gizarte krisiari eman diete lehentasuna eta, hori dela eta, Pedro Sanchezek Espainiako Armadako 'Audaz' ontzia bidali zuen Lampedusara.
Espainiako Gobernua Italiako agintarien zain dago orain. Bestalde, Open Arms ontzia Italian porturatuta egongo da bi aste inguru, ikerketak iraun bitartean.
Dena dela, sei herrialdeek adostutako imigranteen banaketa abian jarriko balute, Espainiari dagozkion pertsonak ekartzeko moduan daudela aitortu du Calvosek.
Open Arms ontzia portu baten bila zebilen abuztuaren 1etik, Mediterraneoan lehen erreskatea egin zuenetik, hain zuzen. Abuztuaren 14tik, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak debekua bertan behera utzi ondoren, Italiako uretan barrena egon da lehorreratzeko aginduaren zain.
Ontzia atxikitzeko agindua
Luigi Patronaggio fiskala, migratzaileen egoera zein den bertatik bertara ezagutzeko, hainbat medikurekin batera Open Arms ontzian izan ondoren, itsasoan errestatutako lagun guztiak berehala porturatzeko agindua eman du.
EFE berri agentziaren arabera, Zigor Kodearen 328. artikulua oinarri hartuta eta gobernuz kanpoko erakundeak hala eskatuta hartu du erabakia.
Hainbat migrante Open Arms ontzian. Argazkia: EFE