Gizartea
Migrazioa
Lampedusan lehorreratu dituzte Open Armseko 83 migratzaileak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako Fiskaltzak Open Arms atxikitzea eta migratzaileak porturatzea agindu du.
Italiako Lampedusa uhartean lehorreratu dituzte Open Arms GKE espainiarraren ontzian gelditzen ziren 83 migranteak, Italiako Fiskaltzak aginduta. Epaileak, halaber, ontzia atxikitzea agindu du.
Ontzia atzo (asteartea) 23:50an porturatu zen; lurrera heltzean, migranteek "Bella Ciao" abestia kantatu dute.
Open Arms ontzia portu baten bila zebilen joan den abuztuaren 1etik, Mediterraneoan lehen erreskatea egin zuenetik hain zuzen. Abuztuaren 14tik, berriz, Italiako uretan barrena zegoen lehorreratzeko aginduaren zain.
Ontzia atxikitzeko agindua
Siziliako Fiskaltzak Open Arms ontzia atxikitzeko eta migratzaileak berehala Lampedusako portuan lehorreratzeko agindua eman du arratsalde honetan.
Luigi Patronaggio fiskala, hainbat medikurekin batera, Open Arms ontzian izan da goizean, migratzaileen egoera zein den bertatik bertara ezagutzeko, eta handik jaistean itsasoan errestatutako lagun guztiak berehala porturatzeko agindua eman du.
EFE berri agentziaren arabera, Zigor Kodearen 328. artikulua oinarri hartuta eta gobernuz kanpoko erakundeak hala eskatuta hartu du aipatu erabakia.
Agentzia horrek zehaztu duenez, Open Arms ontzia Italian porturatuta egongo da ikerketak iraun bitartean. Bi aste inguru izan daitezkeela erantsi dute.
Hainbat migrante Open Arms ontzian. Argazkia: EFE