Itxi

Gizartea

Migrazioa

'Open Arms' ontziko arduradunak: 'Egoera kontroletik kanpo dago'

Agentziak | Erredakzioa

Ontzian zeuden hamaika migratzailek uretara salto egin dute goizean, Lampedusa uhartera igerian iristeko asmoz. Ontziak 19 egun daramatza itsasoan.

0:34
Lanpedusara iritsi nahi dute migratzaileek

'Open Arms' ontzian zeuden hamaika migratzailek uretara salto egin dute astearte honetan, Lampedusa uhartera (Italia) igerian iristeko asmoz. Ontziak 19 egun daramatza itsasoan, Lampedusa uhartetik 800 metrora.

“Hamaika pertsonek uretara jauzi egin dute, Lampedusako kostaldera etsita iritsi nahian. Sorosleak eta Italiako kostazainak ari dira horiek erreskatatzeko ahaleginean. Egoera kontroletik kanpo dago”, azpimarratu du erakundeak sare sozialetan.

Honakoa ez da 'Open Arms' ontzian erreskatatutako migratzaile batzuek uretara salto egiten duten lehen aldia. Igandean, lau migratzailek uretara jauzi egin zuten, kostaldera igerian iristeko asmoz.

Bederatzi pertsona ebakuatu dituzte

Zortzi migrante eta laguntzaile bat ebakuatu dituzte astearte goizalde honetan Open Arms ontzitik, horien osasun segurtasuna babesteko. Bestalde, migranteetako batek uretara salto egin du; 800 metroko tartea igeri egin nahi zuen Lampedusako (Italia) uharteraino.

"Burdinazko kutxa batean sartuta gaude; ura eta janaria mugaturik dugu... Libiako atxiloketa zentro batean gaudela dirudi, baina Italiako uretan", idatzi du Oscar Camps Open Arms GKEko sortzaileak Twitterren.

Campsek sare sozialean azaldu duenez, gizon bat uretara bota dagoizaldean; eta, Italiako kostazainek gizona hartu dute. "Bahiketaren 19. eguna hasi da", gaineratu du.

Ez da uretara egun hauetan botatzen den lehen migrantea; igandean beste lau pertsona bota baitziren.

"Orain dela egun batzuk ohartarazi genuen: etsipenak mugak ditu", esan du.

Italian porturatuta, hegazkinez Madrilera

Gauzak horrela, Riccardo Gatti Open Arms erakundeko presidente italiarrak 107 migratzaileak Lampedusan edo Catanian (Sizilia) lehorreratzea proposatu du, ondoren hegazkinez Espainiara eraman ditzaten.

"Migratzaileei tratu duina emateko, Cataniara eraman ditzakete eta handik, hegazkinez, Madrilera", adierazi du Gattik Lampedusan egin duen agerraldian.

Hala eginez gero, denbora aurreztuko litzatekeela eta, ondorioz, desplazamendurako gastu publikoa txikiagoa izango litzatekeela azaldu du; izan ere, Gattiren esanetan, Aquarius ontziko migratzaileak Espainiara eramateak 250.000 euroko gastua suposatu zuen, baina migratzaileak hegazkinez eramatea askoz merkeagoa izango da.