Gizartea
Open Arms
'Legearen aurkako atxiloketa' leporatuta salatu du Salvini Espainiako abokatu batek
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Fiskaltzaren aurrean egin du salaketa, bere ustez, 'Open Arms'-ek erreskatatutako migratzaileak "egundokoa pairatzen ari direlako" Italiako Barne ministroaren erruz.
-
Open Armseko 27 adingabe, Lampedusan. Argazkia: EFE
Fernando Pamos de la Hoz abokatuak Matteo Salvini Italiako Barne ministroa salatu du Espainiako Fiskaltza Nagusian, 'Open Arms' ontzian dauden pertsonak legearen aurka atxilotzeagatik. Espainiako bandera dauka ontziak, eta 17 egun eman ditu portu baten bila.
"Tripulatzaileen eta heriotzatik salbatu dituzten pertsonen segurtasuna" mantentzea eskatu du salaketan, eta Salviniren erruz "egundokoa pairatzen ari direla" azpimarratu du.
Abokatuarentzat, Espainiako Fiskaltza "ezin da ezkutatu", ontzia eta tripulatzaile batzuk espainiarrak direlako.
Botere Judizialaren Lege Organikoaren 23. artikulua aipatuta, abokatuak gogorarazi du Espainiari dagokiola "Espainiako lurraldean edo Espainiako ontzietan edo aireontzietan gertatutako delituen eta falten kausak ezagutzea, Espainiak parte hartzen duen nazioarteko tratatuetan jasotakoaren kalterik gabe".
'Open Arms'-en kasuan, delitu horiek "bertan dauden guztien osasuna kaltetzearekin" dute zerikusia, baita legearen aurkako atxiloketarekin ere. Hori Italiako ministroaren ardura da abokatuarentzat. 107 migratzaile geratzen dira ontzian, Lampedusa uhartetik oso gertu.
Horregatik, Espainiako Ministerio Publikoak "egoera hori geldiarazi eta delitu horren egileak jazarri" behar ditu edo, bestela, Italiako agintariei Salviniren kontra egiteko eskatu.