Itxi

Gizartea

Migrazioa

'Open Arms'eko 27 adingabeak Italian lehorreratu dira, Salvinik baimena eman ostean

Agentziak | Erredakzioa

'Premia-egoeran' dagoela eta ezin duela segurtasuna bermatu esan du erakundeak. Mediterraneotik erreskatatutako migratzaileek 16 egun eman dituzte ontzian.

0:50
Open Arms ontziko migrante adingabeak.

Open Arms-en bakarrik dauden 27 adingabeak ontzia uzten ari dira. Lampedusako portura eramango dituzte, Matteo Salvini Barne ministroak horretarako baimena eman ostean, neurriarekin ados egon ez arren.

Adingabeak bi motordun ontzitan eramaten ari dira Lampedusara kostazainak, Salvatore Vella Agrigentoko fiskalaren ikuskapenarekin.

Matteo Salvini Barne ministroak adierazi du ontzian dauden adin txikikoak lehorreratzea onartu dutela, "bere gogoaren kontra", La Repubblica egunkariak jasotako gutun batean.

"Hau nire gogoaren kontra egiten dut", eta, soilik, Giuseppe Conte "lehen ministroak eskatu didalako", argitu du Salvinik. Barne ministerioaren iturrien arabera, Open Arms ontzian "30 bat migratzaile" dira adin txikikoak.

"Premia-egoeran"

Open Arms ontzi humanitarioak "premia-egoeran" dagoela esan du. Gobernuz kanpoko erakundearen ordezkarien arabera, Mediterraneotik erreskatatutako migratzaileak lehorreratu ezinean 16 egun igaro ostean, ezin dute ontzian dauden 134 pertsonen segurtasuna bermatu.

"Lehorreratzeko portu seguru baten bila 16 egun eman ostean, 6 ebakuazio medikoren ondoren, eta agintariei gure egoeraren berri eman eta gero, erantzunik jaso gabe eta premia-egoeran gaude, eta ezin dugu ontzian dauden 134 pertsonen segurtasuna bermatu", esan du bozeramaile batek.

Italiako Lampedusa uharteko kostaldetik oso gertu dago ontzia. Orain dela bi egun heldu zen hara, baina oraindik ez dute migratzaileen lehorreratzea baimendu, eta tripulazioak ontzi barruko egoerak txarrera egin duela salatu du.

Bitartean, Agrigentoko (Sizilia, Italia) Fiskaltza aztertzen ari da blokeoa zergatik mantentzen ari den. Halaber, kostazainek adierazi dute ez dutela antzematen pertsona horiek lehorreratzeko "arazorik". Atzo, Fiskaltzak bahiketagatik abiatu zuen ikerketa bat.

Agrigentoko Fiskaltza Open Armsekin lotutako dokumentu guztiak ikertzen ari da, baita kostazainek Barne Ministerioari bidalitako mezua ere, horretan "presazko" konponbide bat eskatzen zuten.

"Hurrengo orduetan, baliteke Open Arms-en inspekzio bat egitea", argitu du Fiskaltzak.

Adingabeak lehorreratzea onartu du Salvinik

Matteo Salvini Barne ministroak ontzian dauden adin txikikoak lehorreratzea onartu dutela, "bere gogoaren kontra", La Repubblica egunkariak jasotako gutun batean esan duenez.

"Hau nire gogoaren kontra egiten dut", eta soilik Giuseppe Conte "lehen ministroak eskatu didalako", esan du Salvinik. Barne ministerioaren iturrien arabera, "30 bat migratzaile" dira adin txikikoak.

16 egun ontzian

16 egun igaro dira migranteak Mediterraneotik erreskatatu zituztela, eta ontzian "etsita" daude. Barne ministroak, bitartean, blokeoa mantendu du.

"16. eguna. Zain dauden 134 pertsonei tokatu zaien amesgaiztoaren lekukoa da mundua. Portu seguru batetik aldentzen duten erabakiak hartzen dituzten bulegoen borondatea bano ez da falta", esan du Open Armsek Twitterren.

Salvinik zera erantzun dio: "16 egunean Espainiako etxera itzultzeko denbora izan duzue. Gobernuz kanpoko erakundearen borroka politikoa da, ez humanitarioa, migratzaileen azalean jokatuta. Lotsa. Ez naiz etsitzen".

Ostegun gauean izan zen azken ebakuazioa (lau pertsona), arazo medikoengatik. Erakundeak arreta berezia behar zutela esan zuen.

Hala ere, Lampedusako anbulategiko medikuek horietako bakar batek "otitis sinple bat" baino ez zuela adierazi zuten. Hori ere ikertzen ari da Fiskaltza.

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroaren arabera, Espainia, Alemania, Frantzia, Luxenburgo, Portugal eta Errumaniako Gobernuek erreskatatutako migranteetako batzuk haien herrialdeetan hartzeko prest agertu ziren igandean.