Itxi

Gizartea

Hamabosgarren eguna

'Babesgabetasun egoera' salatu du Open Armsek, Italiako kostaldearen aurrean

Agentziak

Mediterraneotik erreskatatutako 134 migratzaile daude ontziaren barruan, Lampedusatik oso gertu: 'Berehala lehorreratu behar dira'.

Open Arms, Lampedusan.

Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) "agonia jasanezintzat" jo du ontzian bizi duten egoera, erreskatatu zituztenetik hamabost egun bete direnean porturatzeko aginduaren zain jarraitzen baitute, eta Italiako uretan sartzea debekatzen zion dekretua bertan behera utzi zuen erabaki judiziala betearazteko eskatu dio erakundeak Italiako Fiskaltzari.

Twiterren zabaldutako bideo batean, Oscar Camps fundatzaileak ohartarazi du erabaki judizialak bat ez betetzea "delitu bat egitea da, prebarikazioa bezala".

"Fiskaltzari zerbait egiteko eta epaia betetzeko eskatu diogu", ontziaren babesgabetasunaren aurrean. 134 migratzaile daude ontzian.

Esan duenez, banakako txostenak eskatzen ari zaizkio, eta horrek itxaronaldia luzatzen du: "Gu geldiarazteko zirrikituak dira, azpijoko malefiko bat, asmo txarrez".

Erakundearen fundatzaileak iragarri duenez, Espainiari "babesgabetasun egoeraren" berri emango dio.

Campsen arabera, ontziaren egoera kritikoa da, eta psikologoek azpimarratu dute guztien ebakuazioa beharrezkoa dela. Hori, gainera, bat dator Italiako epaitegi batek ebatzitakoarekin. Migratzaileak muturreko egoera batean daudela ebatzi zuen.

Gainera, erakundeak esan duenez, Palermoko adingabeen fiskalak ontzian dauden adin txikiko guztientzat tutore bat "izendatu" du: "Urrats garrantzitsua da, baina burokraziak prozesua moteltzen du, eta lehenbailehen lehorreratu behar dira".

Emergentziazko ebakuazioak

Twitterren azaldu dutenez, emergentziazko sei ebakuazio egin dituzte bi asteotan; hala ere, ontzian 134 migrante gelditzen dira, eta horien eskubideak "minutuero urratuak izaten ari dira", azpimarratu dute.

Bestalde, EBko gobernuen politikaren harira, Open Arms GKEa oso kritiko agertu da: "EBko politikak mugak ezartzeko gai ez badira, zer gelditzen zaigu?". Ildo horretan, kalbariotzat jo du ontziaren barneko egoera.

Open Arms ontzian zeuden 18 pertsona premiaz lurreratzea onartu du Italiak, batzuek osasun arazoak zituztelako eta beste batzuk haiekin batera zihoazelako. Hasieran, gobernuz kanpoko erakundeak bost migratzaile ebakuatu zituen "larrialdi egoeran", arrazoi psikologikoak zituztela; beste bederatzi ebakuatu zituzten gero, eta, ostegunetik ostiraleko gauean, lau gehiago eraman dituzte.

GKEak azaldu duenez, Italiako kostazainak eta medikuak ontzian sartu dira, dokumentazio guztia eta txosten medikoak aztertzeko.

Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen izen bereko ontziak Italiako uretan bota zuen aingura atzo, Italiako Justiziak Matteo Salvini Barne ministroak sinatu zuen debekua indargabetu ostean.

"Agintarien baimena jaso du Italiako uretan aingura botatzeko. Salviniren agindua bertan behera gelditu da, beste agindu bat emango duela mehatxatu arren", adierazi du Open Armsek goizaldean.

Orain, ontzia porturatzeko baimenaren zain daude, migranteak lehorreratzeko.