Itxi

Gizartea

Migrazioa

31 adingaberentzako asiloa tramitatzea eskatu dio Espainiari Open Armsek

Agentziak | Erredakzioa

Azken 12 egunotan eraman dituen 159 migratzaileetako zortzi Maltara eraman dituzte. Indarrean jarraitzen du Italiako Gobernuak ontzia Lampedusan porturatzeko emandako debekua.

  • 150 bat lagun daude 'Open Arms' ontzian. Argazkia: EFE.

    150 bat lagun daude 'Open Arms' ontzian. Argazkia: EFE.

Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) izen bereko ontzian dauden 31 adingaberentzako asiloa tramitatzea eskatu dio Espainiak Maltan duen enbaxadari astelehen honetan. Halaber, azken orduetan, Maltara eraman dituzte Open Arms ontzian zeramatzaten 159 lagunetako zortzi, ontzian 12 egun eman ondoren.

Ontzia noraezean dabil Mediterraneoan, Lampedusako kostaldetik 29 bat miliatara; izan ere, indarrean jarraitzen du Italiako Barne ministro Matteo Salviniren debekuak, Open Arms uharteko portuan atrakatzeko. Salvinik ohartarazi duenez, ontzia konfiskatuko du, portuan sartzen bada.

GKEaren fundatzaile Oscar Campsen arabera, 151 migratzaile daude ontzian, toki mugatua du, eta, bizi-baldintza gogorrak direla-eta, "gero eta egoera tirabiratsuagoa eta korapilatsuagoa" dute bertan.

"Suminduta nago, ez baitira ezer egiten ari, eta ahazten ari baitira ontzi honek Espainiako bandera duela", deitoratu du Campsek. COPE irrati-katean, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari zuzendu zaio, "sen ona eta albora begiratzeari uztea" eskatzeko.

Gainera, ondorengo egunetarako meteorologia-iragarpenak ez dira onak Italiako kostalderako: asteazken arratsalderako, 2,2 metroko olatuak iragarri dituzte. "Malta bere uretan sartzeko baimena ukatzen ari da, bertan babesteko", salatu du Campsek Twitterren duen kontuan.

Abalos: "Ontzitik, ez digute eskatu etortzea"

Espainiako jarduneko Sustapen ministro Jose Luis Abalosen hitzetan, Espainian "pentsaezina" litzateke Open Arms bezalako ontzi bat ezin izatea Espainiako porturen batean lehorreratu, beharko balu, baina "ez digute eskatu", gaineratu du.

Abalosek nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuaren jarrera ez da aldatu PSOEk agintea bere gain hartu zuenetik, eta "immigrazio-arloan duen ardura" bere gain ez hartzea egotzi dio Italiari.

Maria Jesus Montero jarduneko Ogasun ministroaren esanetan, Espainiako Gobernuari ezin zaio gaitzespenik egin: "Guztion arazoa da, eginkizun hau ezin du inork osorik bere gain hartu".

Magdalena Valerio jarduneko Migrazio ministroaren iritziz, Espainiak "hainbat eta hainbat aldiz erakutsi du elkartasuna eta lidergoa, arazo hau Europar Batasuneko kide guztiek batera konpontzearen alde".

Gainera, Ocean Viking ontziak beste 105 lagun erreskatatu ditu astelehen arratsaldean, Mediterraneo itsasoan egindako laugarren operazioan. Hortaz, 356 lagun ditu jada ontzian, nahiz eta gehienez ere 200 eraman ditzakeen. Beraz, bi ontziak kontuan izanik, 500 bat lagun dabiltza noraezean Mediterraneoan, portu batera sartzeko baimenaren zain.