Gizartea
Abuztuak 12
Pertseidak hondartzatik ikusteko 'mila izarren gaua' antolatu dute gaur Plentzian
eitb.eus
Gaur, 23:30ean, izar-jasa ikusteko aukera izango dute, baina ekitaldiak lehenago hasiko dira, erromeria batekin.
Mila izarren gaua antolatu du EHUren Plentziako Itsas Estazioak gaurko, astelehenerako, pertseidak Bizkaiko herri horretako hondartzatik ikusteko. Plentzia Kantagune elkartearekin batera prestatu du jardunaldia.
Gaur gauean izango da unerik aproposena 2019ko pertseidak ikusteko. Urtero garai berean daude ikusgai Done Laurendiren malkoak izenez ezaguna den izar iheskorren jasa.
20:30ean hasiko dute jardunaldia, Kresaltsu taldearen erromeriarekin, Plentziako portuko plazan.
22:45ean, hiru bideo proiektatuko dituzte Plentziako Itsas Estazioan: Perseidas, ¿qué es la lluvia de estrellas? (euskaraz eta gaztelaniaz), Meteor showers (euskaraz eta gaztelaniaz) eta Cosmic eye. Jesus Romo Uriarte Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak eta Jaio de la Puerta Naukaseko kideak aurkeztuko dituzte pelikulak.
Azkenik, 23:30etik aurrera, hondartzatik ikusiko dituzte pertseidak.