Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Beste 6 sexu eraso leporatu dakizkioke Ertzaintzak Beasaingo ustezko bortxatzaileari

Agentziak | Erredakzioa

2012tik Beasain, Lasarte-Oria, Andoain, Anoeta eta Tolosan egindako bost sexu-eraso egotzi dizkio Ertzaintzak espetxeratuari. Beste seitan ere parte hartu zuela uste du Ertzaintzak.

  • Bost sexu-eraso leporatu dizkio Ertzaintzak Beasaingo ustezko bortxatzaileari.

    Ertzaintzaren auto bat Beasainen (Gipuzkoa). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Beasainen (Gipuzkoa) neska bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten 34 urteko gizona ikertzen ari da Ertzaintza beste sei sexu-erasorekin zerikusia duelakoan.

Susmagarria Tolosako epaitegira eraman zuten uztailaren 19an, sei egun arinago, uztailaren 13an Lazkaon gazte bati sexu-eraso egitea leporatuta. Deklaratzeari uko egin ondoren, epaileak Martuteneko espetxera bidali zuen.

2012tik Beasainen, Lasarte-Orian, Andoainen, Anoetan eta Tolosan egindako bost sexu-eraso egotzi dizkio Ertzaintzak espetxeratuari.

Segurtasun Sailaren arabera, beste sei sexu-erasorekin zerikusia izan dezake, horietan jarduteko modua atxilotuak erabilitako berdina izan baitzen. Horrenbestez, baliteke sei horietan ere parte hartu izana.

Auziak zabalik zituen Ertzaintzak, eta erasotzailearen DNA laginak jasotzea lortu zuten ikerketaren ardura zuten agenteek. Atxilotutako gizonaren DNArekin alderatu zituzten, eta emaitza positiboa izan zen.

Hori dela eta, Ertzaintzak bost sexu-eraso egotzi zizkion susmagarriari. Ikerketa zabalik dute oraindik kasu gehiagorekin zerikusia izan dezakeelako.

__________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea