Itxi

Gizartea

lehiaketa ospetsua

Artzai Gazta elkarteko bost gaztandegi saritu dituzte 2019ko Great Taste lehiaketan

Agentziak | Erredakzioa

La Leze, Kortaria, Patxi Otaegi, Etxeleku eta Aizpea gaztandegiek lortu dituzte dominak euren artzain gaztagatik.

  • Ilarduiako La Leze gaztandegia barrutik

    Ilarduiako La Leze gaztandegia barrutik. Argazkia: EiTB

La Leze, Kortaria, Beizama, Etxeleku eta Aizpea gaztandegietako Artzai Gazta-Idiazabal Baserriko gaztak saritu dituzte 2019ko Great Taste nazioarteko lehiaketan.

Baserriko ardien esne gordinarekin egiten dituzte euren gaztak, eta ardi latxen artaldea baserri inguruko belardi eta mendietan bazkatzen da.

Horrenbestez, La Leze (Ilarduia, Araba) gaztandegiak bi sari lortu ditu: hiru izar bere gazta naturalagatik eta bi izar gazta ketuagatik; Kortaria (Lekaroz, Nafarroa) gaztandegiak bi izar lortu ditu "Infernuko Gasna" natural eta ketuarengatik; Etxeleku (Urdazubi, Nafarroa) eta Patxi Otaegi (Beizama, Gipuzkoa) gaztandegiak bi izar lortu ditu "Bengotxea" gaztarekin eta beste bi "Beizama" gaztarekin; eta Aizpea (Olaberria, Gipuzkoa) gaztandegiak izar bat lortu du bere gazta ketuagatik.

Nazioarte mailan, baina batez ere Europa mailan, 12.000 jaki baino gehiago aurkezten dira 1994tik urtero ospatzen den Great Taste lehiaketara.

Elikagai bakoitzean adituak diren kideek osatutako epaimahaiak 12.772 jaki aztertu ditu martxoa eta uztaila bitartean. Guztira, 50 epaimahaikide izan dira.

Artzai Gazta eta Idiazabal Gazta Izendapenaren Kontseilu Arautzailea pozik agertu dira lortutako sariengatik, artzainen "esfortzua, ilusioa eta lan ona" saritzen baitute.