Gizartea
G7 goi-bilera
Abuztuaren 23tik 26ra Biriatutik eta Behobiatik ez pasatzea gomendatu du DGTk
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Navarrok ohartarazi du ibilgailuak errepidean "ez atzera ez aurrera harrapatuta" gera litezkeela, "manifestazioak, blokeoak eta auto-ilarak" egongo direlako.
Abuztuaren 23tik 26ra Biriatutik ez pasatzea aholkatu du Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT), egun horietan Biarritzen G7aren goi-bilera egingo baitute. Politikoki, ekonomikoki eta militarki garrantzitsuenak diren herrialdeetako ordezkariek hartuko dute parte bilera horretan.
Pere Navarro Trafikoko zuzendari nagusiak ziurtatu du Frantziako Gobernua "kezkatuta" agertu dela "manifestazioak, blokeoak eta auto-ilarak" egongo direlako, goi-bilerari erantzuteko protestak deitu baitituzte. Baliteke, gainera, 'txaleko horiek' ere mobilizazio horietan parte hartzea.
"Egun horietan, berez, trafiko handia egon ohi da. Horrenbestez, edozein neurri hartuta ere, auto-ilara luzeak egongo dira", adierazi du Navarrok, autoz handik igarotzen direnak harrapatuta gera litezkeela argi utzita.
Zehaztu duenaren arabera, goi-bileraren atarian, Irunen kontragailurra egingo dute, eta abuztuaren 24an Hendaian eta Irunen bi manifestazio deitu dituzte. Gainera, hilaren 25ean elkarretaratzea egingo dute Biarritzen bertan.
Navarroren esanetan, ohikoa da abuztuaren amaieran Hendaia eta Irun artean trafiko astuna izatea, bereziki, asteburuan. Horregatik, aurreratu du Biriatun ez ezik, Behobian, Santiago Zubian (N-1) eta Dantxarinean (N-121 b) ere arazoak egon litezkeela.