Itxi

Gizartea

IMMIGRAZIOA

'Open Arms' ontziko migratzaileak hartzeko prest agertu da Eusko Jaurlaritza

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Iaz 'Aquarius' ontzian Valentziara iritsi ziren migratzaileak hartzeko egindako proposamen berbera egin dio Gasteizko Gobernuak Madrili.

  • Open Arms

    Migratzaile talde bat, 'Open Arms' ontzian. Argazkia: ETBko bideo batetik hartutako irudia.

Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak Mediterraneo itsasoan erreskatatu dituen immigranteak hartzeko prest dago Eusko Jaurlaritza, eta, dagoeneko, helarazi dio bere proposamena Espainiako Gobernuari.

Lehendakaritzako iturriek jakitera eman dutenez, iaz Aquarius¿ ontzian Valentziara iritsi ziren migratzaileak hartzeko egindako proposamen berbera egin dio Gasteizko Gobernuak Madrili. Orduko hartan, 629 migratzaile iritsi ziren Espainiara, eta horien % 10 hartu zituzten EAEko harrera-zentroetan.

Oraingoan, baina, "urrats bat gehiago" eman, eta maiatzean aurkeztutako 'Share' programa ezarriko du Gasteizko Exekutiboak. Migratzaileak Europako Batasuneko herrialdeetan "modu zuzenean" banatzeko ekimena da, diru-sarreren, biztanleriaren eta langabezia-tasaren araberako irizpideak kontuan hartuta. Besteak beste, Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak bat egin zuten programa horrekin.

"Erantzunkidetasun printzipioa" Europar Batasuneko estatuekin eta Espainiako erkidegoekin "partekatzea" immigrazioaren arazoari aurre egiteko aukera "onena" dela nabarmendu du Gasteizko Gobernuak, eta gai honen inguruko "itun soziala" lehenbailehen adostea ere ezinbestekotzat jo du.